2021eko aurrekontuak "ezberdinak" izatea galdegin du PSE-EEk
Aurten ez bezala, "udal aurrekontuak bere osotasunean gauzatuak" izan daitezen eskatu dio talde sozialistak udal gobernuari.
Iosu Alavarez Hondarribiko PSE-EEren bozeramaileak 2021. urteko udal aurrekontuak “ezberdinak” izan daitezen eskatu dio gaur EAJren gobernu taldeari prentsa ohar baten bidez. Azaroaren erdialdean 2020ko aurrekontuaren %44 egikaritu gabe zegoela leporatu dio udal gobernuari, eta datorren urtean gauza bera gerta ez dadin neurriak hartzera deitu du.
Horrez gain, 2021eko aurrekontuak COVID-19 gaitzak herrian utzitako egoera “suspertzera” bideratuak egoteko eskatu die udal agintariei, “zailtasunak bizi dituzten kolektiboei sostengua emanez”. Ildo horretan, ondoko proposamenak egin dizkio talde sozialistak udal aurrekontuei:
- Gizarte larrialdi, familia eta energia laguntzetarako 550.000 euro.
- Alokairurako diru-laguntzetarako 365.000 euro.
- Mendelurako plan berezirako 150.000 euro eta auzoko etxebizitzak berritzen laguntzeko 200.000 euro.
- Hondarribia Lantzen kudeaketa indartzeko 75.000 euro eta kostako biziberritze planerako 50.000 euro.
- Ostalariak eta merkatariak laguntzeko 400.000 euro.
- Merkataritzaz haragoko kontsumo bonuetarako 300.000 euro.
- Familiak laguntzeko debaldeko musukoetarako 150.000 euro.
- Hondarribian wifi-a doan izan dadin 50.000 euro.
- HAZ bulegorako bi langile gehiago kontratatzeko 100.000 euro.
- Zerbitzu publikoak indartzeko 150.000 euro eta herrian autobus zerbitzua emateko beste 100.000 euro.