Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpena kaleratu du udalak
Biharko egunari begira HH eta LHko ikasleek euskarazko liburu sortak jaso dituzte, «aire zabaleko jarduerak antolatzea ezinezkoa denez».
Biharko (hilak 3) Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, ohiko adierazpen instituzionala kaleratu du udalak. Ordezkaritza duten talde guztiek adostu dute testua.
Era berean, biharko egunari begira udalak gogoratu du hiriko HH eta LHko ikastetxeei euskarazko hainbat liburu sorta bidali dizkiela. «Pandemia geldiarazteko mugak direla eta, haurrentzako aire zabaleko jarduerak antolatzea ezinezkoa denez, eskerrak eman nahi izan dizkiegu ikastetxeei euskarazko ipuin eta liburuen bidez euskararen alde egiten duten lanagatik, Dibulitoon estudioen laguntza eskuzabalari esker», esan du Monica Martinez ordezkariak.
Ondorengoa da, hitzez hitz, adostutako testua:
Euskara, aurrerabide
Gizartea euskaraz biziberritzea helburu
Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo gaitu gaitzak. Beste horrenbeste, gaitzaren
ondorioek. Mundu osoa, gizarte guztiak, egitura guztiak, pertsona guztiok jarri gaitu
geure benetako neurriaren aurrean, buruz buru. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu
nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude.
Erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz. Bai baitakigu ez
dagoela beste irtenbiderik. Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren
eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa
sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun.
Euskaldunok, baina, ezin dugu ahaztu badela funtsezko ekarpen bat, gizarte-ahalegin
itzel eta miresgarri horren osagai ezinbestekoa eta geure esku soilik dagoena: euskaraz
egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik
argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu
geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako.
Euskaraz bat mundu osoarekin.
Horixe da euskaldunok –neurri batean edo bestean euskaraz bizi garen munduko
herritarrok, alegia– euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiliz giza
garapenari egiten diogun ekarria. Gizarte kudeaketa aurreratuari gaineratzen diogun
balio erantsia.
Banaka heltzen diogu, jakina, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoari.
Nahitaezko zutabea baita norberaren eginahal hori edozein aurrerabidetan, oso bereziki
gizarte prozesu konplexuetan, eta horixe da euskara biziberritzea helburu duena ere:
gizarte prozesu konplexu bat, ertz eta osagai ugari duena.
Ongi asko dakigu hori mundu osoko euskaldunok.
Badakigu, besteak beste, euskaldunok euskararen hiztun elkartea osatzen dugula, eta
Euskaraldian norberaren erabakimenetik abiatzen dela euskara gehiago, gehiagorekin
eta gehiagotan erabiltzerakoan inguruan hainbatetan sortzen zaizkigun oztopoak
gainditzeko bulkada.
Baina badakigu, era berean, ezinbestekoa dugula elkarrengana biltzen gaituen bulkada
ere. Norabide biko bektorea baita euskara eta euskaldunok lotzen gaituena: euskarak
herri egiten gaitu; euskal hiztunon komunitateak egiten du euskara orainaren eta
etorkizunaren hizkuntza.
Bide horretatik heldu zaizkio beti euskarari aurrerapauso behinenak: norberaren eta
gizartearen konpromisoak sendo uztartzetik; unean uneko beharrizanei euskaraz
erantzuteko erabaki sendotik; etorkizunerako bidea euskaraz zolatzeko euskal
instituzioek, gizarteak eta gutariko bakoitzak egindakotik.
Euskaraldiak eskaintzen digu aurten berriz ere zailtasunak aukera bilakatzeko
abagunea, krisia aukera bihurtzeko lanabesa. Ingurumari aldrebesean dator, ezbairik
gabe, aurtengoa, eta horrek areagotu egingo du guztion eta bakoitzaren
konpromisoaren balioa, administrazio eta erakunde publikoena barne.
Aurtengoan, balio berezi batez apainduko da ahoa bizi, belarria prest eta bihotza kartsu
dugun guztion ekimena. Aurtengoan, inoiz baino erabakigarriagoa izango da
euskararekiko gertutasunezko keinu praktiko oro, euskal hiztunongandik zein
euskararen zabalkundean erdaretatik lagundu nahi dutenengandik datorrela ere.
Esanahi berezi batez jantziko da aurten, ezinbestez, euskara gehiago, gehiagorekin eta
gehiagotan erabiltzeko ahalegina: egokitu zaigun ataka larritik ateratzeko erabakiari,
euskaraz ateratzearen ezinbestekotasuna erantsiko diogu euskal hiztun nahiz
euskararen lagun orok.
Izan ere, bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna,
eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri
dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun
honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa.Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea. Euskararen ahotsa zor diogulako munduari. Euskaraz garelako munduko herritar. Euskara aurrerabidea delako.