50 urteko ibilbidea liburu batean jaso du Txingudi Errugbi Klubak
Bost euroan eskura daiteke liburua, Irungo Galarz kioskoan edo Hondarribiko Txiplao 8ko Done Pedro Kofradian.
Iaz bete zituen Txingudi Errugbi Klubak 50 urte, eta mende erdiko ibilbidea behar bezala ospatzeko, egitasmo ugari antolatu zituzten iaz eta baita ere aurten. Orain, hasieratik gaur bitarteko bilakaera jasotzen duen liburua aurkezteko unea iritsi da. Atzo aurkeztu zuten argitalpena Iñigo Aizpurua klubeko zuzendariak eta Iñigo Camarero batzordeko kideak. Haiekin batera Xabier Gezala izan zen, liburuko testuen erredaktorea. Eta bertaratu ezin izan arren, Judas Arrietak ere bere hondar aletxoa jarri du argitalpenean; diseinatzaile eta maketatzaile lanak egin ditu.
Liburuak 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien edukiak biltzen ditu, baita ere klubak urtero argitaratzen duen aldizkariko informazioa. «Gure kirola egiteko egoera mugatua denez egun, liburua argitaratu nahi izan dugu, gure eskualdeko kirola maite duten guztiek eta gure familia osoak entretenimendua eta klubari lotuta jarraitzeko arrazoia izan dezagun», esan zuten atzoko agerraldian.
Bost euroan eskuratu ahal izango da, Irungo Galarz kioskoan (Fermin Calbeton, 5) edo Hondarribiko Txiplao 8ko Done Pedro Kofradian.