Irungo artistak elkartuko dituzte, jaialdi berezi batean
Musikariak, dantzariak, zirkua, antzerkia, magia... Pandemiak ere gogor astindu duen kulturaren munduari bultzadatxo bat emateko jaialdi zabala antolatu dute.
Jaialdi berezia antolatu du Irungo Udalak datorren abenduaren amaierarako. Askotariko diziplinak bilduko dituzte Amaia Kultur Zentroan: musika, antzerkia, zirkua, dantza… Pandemiak ere gogor astindu dituen hiriko artistei bultzadatxado bat eman nahi die udalak, eta horretarako, bi emanaldi nagusi egingo dituzte urte amaieran. Lehena abenduaren 28an izango da, eta bigarrena 30ean. Biak 19:00etan hasiko dira.
Emanaldiak Asier Burguete eta Alex Mahonek gidatuko dituzte, eta oholtzan, honako artistak ariko dira: Patxi Perez (antzerkia), Irati Gonzalez Jaimerena (zirku akrobatikoa), Antton Ganzarain (biolin elektronikoa), Josune Gurrutxaga eta Jon Menor (aretoko dantza), Aritz Petricorena (magia), Burrunba Elektrotxaranga, Esther Barandiaran (pianoa), Leticia Vergara (abeslaria), Mario Simancas (monologoa), Borja Mora rap abeslaria (Son de Rue taldeko kidea) eta Adriano Mr. Lobster (zerrote musika). Udalak jakinarazi duenez, oraindik ez dute egitaraua itxi, beraz, azken orduko sorpresak egon daitezke. Jakin bezain laster, horren berri emango du HITZAk.
Bi emanaldien sarrera lau eurokoa izango da, eta esteka honetan eskuratu ahalko dira.
Egitarau zabala
Jaialdia ez dute bi emanaldietara mugatu nahi izan. Motorrak berotzen joateko masterclass ugari antolatu dituzte: abenduaren 6an Uikan konpainiarekin; abenduaren 11an Kulto Kultiboko abeslariekin eta Iñaki Estevezekin eta abenduaren 12an Iker Martin eta Ylenia Benitorekin. Abenduaren 19 eta 20an aldiz, Myriam Perez Cazabon konpainiak dantza ikuskizuna eskainiko du eta abenduaren 26 eta 27an Jonathan Mesonero biolinistak kontzertu bana. Saio guzti hauek doakoak izango dira.
Jaialdia biribiltzeko, Maialen Arocena Garcia artistak mural erraldoia osatuko du Gain Gainean parkean jaialdiak iraun bitartean. Datozen asteetan egitaraua osorik aurkeztuko du udalak, data zehatzekin.