Sozialistek eta Elkarrekin Podemos-IUk gehiengo osoa emango dien akordioa itxi dute
Bi taldeek gobernu akordioa itxi dute gaur goizean. Bat egitearekin udalbatzaren gehiengo osoa lortuko dute, 25 zinegotzietatik 14 batuz.
PSE-EEk eta Podemos-IUk sinatutako gobernu akordioak, militanteen berrespena jaso beharko duenak, Irungo udalbatzaren gehiengo osoa emango dio udal gobernuari, bi taldeen artean udalbatzako 25 zinegotzietatik 14 batuz (10 sozialistenak eta 4 Podemosenak).
Irungo Udaleko areto nagusian, Jose Antonio Santano alkateak, Sozialisten bozeramaile Miguel Angel Paezek, eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-IU taldearen bozeramaile Miren Etxebestek eta Irungo zinegotzi eta Euskadiko Podemosen Antolakuntzako idazkari David Sotok gaur goizean iragarri dute bi taldeek Irungo Udalean adostu duten hitzarmena.
Etxebestek ziurtatu duenez, “desberdintasun politiko eta ideologikoez haratago, Irunen 2023ra arte gobernu aurrerakoi berri hau osatuko dugun emakumeok eta gizonak bat gatoz gure hiritarren ongizatearekiko konpromisoan, eta elkarrekin lan egingo dugu gure hirian inor atzean geratzen ez dela ziurtatzeko”.
Akordioaren oinarrizko bost lerroak
Gobernu Akordioaren dokumentuan jasotzen diren oinarrizko bost ildoak honakoak dira:
- Osasun krisiaren ondorioz, edo ongizatea arriskuan jartzen duen edozein desberdintasunen ondorioz, egoerarik latzenean daudenekiko hurbiltasuna. Pertsonak izango dira udal politiken erdigunean.
- Guztientzako etorkizun bat bilatzea hirian. Irunen interesak eta etorkizunerako aukerak defendatzea, bizitzeko eta lan egiteko hiria izan dadin.
- Errespetua, berdintasuna eta bizikidetza, “hain zuzen ere besteei entzuteko eta ulertzeko jarrera ireki batetik bakarrik izango garelako gai hiritar guztientzako politika egiteko”.
- “Gardentasuna eta parte hartzea beti izango ditugu kontuan gure ekintza eta erabakietan”.
- “Konpromisoa jasangarritasunarekin, ingurumena zaintzearekin, eta gero eta kezkagarriagoa den klima aldaketa baten ondorio suntsitzaileak saihesten laguntzeko premiarekin”.
Akordioaren xehetasunak
Moreen bozeramaileak azaldu duenez, Gobernu Programa bat elkarrekin ixteaz haratago, bi taldeek konpromisoa hartu dute udal kudeaketako oinarrizko gaietan egonkortasuna emateko, udal aurrekontuetan eta udal arautegi eta planak egiteko lanean, besteak beste.
Alkateak zehaztu du Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU taldeko hiru zinegotzi sartuko direla Gobernu berrian kudeaketa erantzukizunekin, honako arlo hauetan:
- Gizarte Ongizatea
- Euskara
- Berdintasuna
- Kooperazioa
- Memoria Historikoa
- Hezkuntza eta gazteria