[Galeria] Osasungintza sistema publikoaren alde bildu dira irundarrak
Osasungintza publikoko gastua aurreko urtekoa baino baxuagoa dela salatu dute, bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituzten inbertsioak eskatuz.
Azken hilabeteetan zehar egin dituzten mobilizazioei jarraipena emanez, 12:00etan abiatu dira gaur irundarrak Dunboa anbulatoriotik, osasungintza publikoa defendatzeko, COVID-19ak inoiz baino garrantzitsuagoa egin baitu eskari hori.
Ospitale publikoetan dagoen baliabide eskasia salatu dute: “Ez da bidezkoa bigarren olatu bati buruz hitz egiten dutenean, foku bakarra erantzukizun indibiduala izan dadila, osasungintzako gastu efektiboa, egun, aurreko urtekoa baino baxuagoa denean”.
Instituzioei eskatu diete herritar guztien artean sortzen den dirua bizitarako ezinbestekoak diren oinarrizko zerbitzuetan inbertitu dezaten, horien artean osasungintza gailenduz: “Osasun krisi baten aurrean baliabide denak jarri behar dira pertsonon arreta bermatzeko”.
Honakoak dira mahai gainean jarri dituzten aldarrikapenak:
- Osasungintza publikoan lehen arretarako baliabide gehiagoren beharra.
- Bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituzten inbertsioak.
- Gutxienez barne produktu gordinaren %7a osasun sistema publikora bideratzea.
- Murrizketa tentaldiak ekiditea.
- Pribatizazio tentaldiak ekiditea.