«Aurreztuta genuen ia guztia gastatu dugu gauzak erosteko»
Etxera eramateko janaria ari dira prestatzen, ostalariak pairatzen ari diren egoera latzari aurre egiteko. Gizarteak huts egin diela sentitu dute jabeek.
Zergatik hasi zineten etxera eramateko janaria prestatzen?
COVID-19agatik hasi ginen, ez genuelako beste aukerarik eta zerbait egiteagatik, zeren etxean, ezer egin gabe, badakizu…
Merezi dizue?
Inolaz ere ez, ezta urrutitik ere. Ekonomikoki ez digu merezi, baina gure ustez merkatu erabaki bat da. Itxita gaudenez, behintzat jendeak jakin dezala baduela aukera hurbiltzeko, egoera honi aurre egiten diogula nolabait ahal dugun moduan.
Gastua handitzen ari zarete, beraz…
Bai, hala da. Aurreztuta genuen guztia edo ia guztia gastatu dugu gauzak erosteko eta aurrera egin ahal izateko.
Gastu batzuk ordaintzeko bai laguntzen du, baina, tira, dena ez. Ezinezkoa. Adibidez eman digu argia, gasa eta zer edo zer gehiago ordaintzeko, komunitate gastuak… Dirutxo bat erabiltzeko, baina besterik ez.
Guztizko itxiera agindu aurretik nola ari zineten lanean?
Hori oso berezia da; guk 2018tik daramagu zabalik, hasi berriak garela esan genezake, lehen soldatapeko langileak ginen.
Ordutik aurrera egin dugu, hilabetetik hilabetera hobeto, eta aurten izugarri ongi genbiltzan, urtarrila oso ongi, otsaila ere bai, eta martxoan itxi zigutenean ikaragarri ongi gindoazen. Itxi eta gero, ireki eta oso ongi egin dugu lan, %20 gehiago lehengo urtean baino.
Baina hori normala da hazten ari den enpresa batean, berez gehiago hazi beharko genuke aurten. Hortaz, zalantzarik gabe murrizketek kalte egin digute, baina fuerte gabiltza.
Zenbat uste duzu iraun zenezaketela bizi duzuen egoera honetan?
Horrela? Oraintxe bertan gauden bezala? Abendura arte bakarrik. Urtarrilean itxi egin beharko genuke, edo beno, agian ez genuke itxiko, baina gure ondare eskasa jarri beharko genuke.
Enpresa bezala, aurten ez dut uste egongo denik jatetxerik ez tabernarik errentagarria izango denik, kontu positiboak aterako dituenik.
«Desanimatuta; azkenean gizartea da huts egin diguna, eta gu horretaz bizi gara»
Diru laguntzarik jaso duzue?
Hondarribikoa bakarrik, eta nahiko aguro guk. Azkar-azkar bete genituen paperak eta bai, berehala eman ziguten laguntza. Berehala, beno, Eusko Jaurlaritzarekin alderatuz, askoz hobeto artatu gaituzte.
Emozionalki nola ari da izaten egoera zuentzat?
Oso zaila, oso gaizki gaude. Desanimatuta. Azkenean gizartea da huts egin diguna, eta gu horretaz bizi gara, behintzat gure kasuan. Jatetxea gara, eta bizi gara eta lan egiten dugu benetan honetan sinesten dugulako.
Askoz diru gehiago irabaziko genuke beste batentzako lan egiten, baina guk erabaki genuen gure bizimodua bihurtzea, ez bakarrik lan bat izatea.
Ildo horretan, desilusioa eduki dugu bezeroekin, esate baterako. Bestela, benetan esaten dut eta arraroa da, baina udalarekin ez [barre egin du], Hondarribiko Udalak egin duena eskertzen dut: tasak kendu dizkigute, uraren gaian baztertu egingo dizkigute fakturak…
Laguntza hori eman digute, ez dela ezer, baina laguntza eman digute behintzat, galdetu digute… Guri behintzat ez zaizkigu etorri zirikatzen edo trabak jartzen.
Laguntza eman digute, gure kasuan behintzat bai. Gero, gizartea, gaizki, eta Eusko Jaurlaritza desastre, desilusioa. Baina beno, aurrera.
Eta hemendik aurrera zer?
Espero dut berriro zabaltzea, murrizketekin bada ere, eta jendeak pilak jartzea, azkenean denok baikara. Denok pilak jartzen baditugu…
Eta Eusko Jaurlaritzak ez du erantzunik eman, ez du ezer konpondu, orduan guk konpondu behar dugu. Nik sentitzen dut, beti sinetsi dudalako politikoengan, beti pentsatu dut hemengoak desberdinak zirela, baina ez…
Zergatik jarri da fokua ostalaritzan?
Jatetxe batean, eta gurean konkretuki, oso zaila da kutsatzea, bentilazio ikaragarri ona dagoelako, eta jarri ditugu sistema oso onak, aire garbigailua eta abar, eta dena kanpora begira da. Ideia bat egiteko, guk ez dugu afororik murriztu, distantziak mantentzen genituelako.
Dena den, sinesten dut gure sozializazioa ostalaritzan egiten dela. Sozializazio hori neurtzeko edo txikitzeko gunerik errazena zen ostalaritza ixtea, eta hori da egin dutena. Ez dut uste errudun jarri gaituztenik, baizik eta gizarteak erakutsi duela ez garela arduratsuak. Azkenean gu hori gara, ostalaritza gizartea da.