AP-8a erabat itxiko dute bihar, Irun eta Behobia artean
Hego Ingurabidea eraikitzeko lanak direla eta, autobideko zirkulazioa etengo dute, biharko 22:00etatik igandeko 9:00ak arte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi berri duenez, Irun eta Behobia arteko AP-8 autobidea erabat itxiko dute bihartik (larunbata da) igande goizera bitarte.
Izan ere, Hego Ingurabidea eraikitzeko lanetan ari da bertan udala. Bihar gauean AP-8ko bi ertzak lotuko dituen gaineko pasabide berriaren egitura metalikoa jarriko dute autobidearen gainean. Horretarako, AP-8 autobidea itxi beharko dute, biharko 22:00etatik igandeko 09:00etara bitarte. Oinaurreko erdi lotunearen irteera ere itxi beharko dute, baina ez autobiderako sarrera.
Ordezko aukera bezala, Behobiako noranzkoko trafikoa Irungo ordainlekutik irten beharko da eta GI-636 errepidetik jarraitu Zaisako biribilguneraino eta N-121-A errepidetik berriro AP-8 autobidean sartu beharko dira, Iparralde-Frantzia etorbideraino.
Donostiarako noranzkoan doazenak aldiz, Behobiako 0 irteeratik N-121-A errepiderantz eta Zaisako biribilgunerantz joan ahal izango dira. Gero, GI-636 errepidetik jarraitu eta Irungo ordainlekutik autobidera sartu beharko dira.
Saihesbidearen obrak iraun bitartean, autobidean bestelako mozketak ere egingo dituzte, partzialak zein osoak, pasabide berriaren egitura metalikoan zorua jartzeko, Txingudiko Uren edateko uraren hodia desbideratzeko eta ondoren egungo pasabidea eraisteko. Afekzio guztien berri aldez aurretik emango du aldundiak.