Irunen ere jostailu bilketa egingo du Gurutze Gorriak
Jostailu «berriak, ez belikoak eta ez sexistak» eskatu dituzte datozen Gabonetan zailtasunak dituzten familien artean banatzeko. 4.000 bildu nahi dituzte Gipuzkoan.
Aurten ere haurrik jostailurik gabe gera ez dadin, bilketa berezia egingo du Irunen Gurutze Gorriak. Gipuzkoa mailan 4.000 jostailu biltzeko helburua ezarri dute aurten, 1.500 haurrek jaso ditzaten. Zehazki, «berriak, ez belikoak, ez sexistak» eskatu dituzte zailtasunak dituzten familien artean banatzeko.
Irungo bilketa puntua Gurutze Gorriaren egoitza izango da (Euskal Herria etorbidea, 14, behea), eta astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:00etara eta astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara jasoko dituzte.
Aurtengo osasun egoera berezia dela eta, donazio ekonomikoak ere jasotzeko bide bat ireki du Gurutze Gorriak. Bizum sakelakorako aplikazioa baliatuko dute horretarako; 01375 kodea sartu beharko da, eta ‘Gipuzkoako Gurutze Gorria’ botoian sakatu.