«Europako funtsak udaletara iritsiko direla bermatzeko» mozio bat erregistratu du EH Bilduk
Biharko udalbatzan eztabaidatuko dute. «Udalek aurrean dituzten erronkak garatzeko beharrezko finantziazioa jaso dezaten» ekin diote erregistroari.
Europar Batasunak COVID-19ari aurre egiteko iragarri berri dituen funts berezien gaineko gogoeta elkarbanatu nahi izan du Irungo EH Bilduk herritarrekin. Funts horiek hiru ardatz izango dituzte: eraldatze digitala, trantsizio ekologikoa eta gizarte inklusioa, koalizio subiranistako kideen ahotan, «hiruak taldearentzat aspalditik funtsezkoak direnak».
Bozeramaile guztien babesarekin Irungo Udalak hainbat proiektu aurkeztu berri ditu, horietako asko «oso garrantzitsuak» taldeko kideentzat. Bereziki ekonomia sozialarekin eta berrikuntzarekin lotutako proiektuak bereziki «begi onez» ikusi ditu EH Bilduk. «EH Bildun aitzindariak izan gara ekonomia sozialaren garrantziaz ohartarazten eta gure eskualdean badaude horretan ekimen interesgarriekin lanean ari diren eragileak. Horregatik, udal gobernuari dei egiten diogu eragile horiekin batera lanean jarrai dezala aurkeztutako proiektuak garatu eta berriak sortzeko», esan dute gaurko agerraldian.
Horregatik funtsezkotzat jo dute Europako funtsak udaletara iristea. «Ezin dugu onartu funts hauek zalantza handiak sortzen dituzten makroproiektuetara bideratzea, adibidez, inondik inora eramango ez gaituen AHTra, ezta sekulako irabaziak dituzten enpresa handien eskuetara joatea ere», erantsi dute. Tokian tokiko proiektuak garatzeko udala aukera baten aurrean dagoela uste dute. Horregatik mozio bat erregistratu berri dute, «Europako funtsak udaletara iritsiko direla bermatu eta udalek aurrean dituzten erronkak garatzeko beharrezko finantziazioa izan dezaten».
Biharko udalbatzan eztabaidatuko duten mozioan honako eskaerak jaso dituzte:
- Alde batetik, Eusko Jaurlaritzari EAEko udalentzako ezohiko diru funtsa berezi bat sortzea eskatu diote, «udalek COVID19aren krisiaren ondorioz jasan behar dituzten gastu hauei aurre egiteko. Herritarrak babestu nahi baditugu ezinbestekoa da udalek nahikoa finantziazio izatea, gastu orokorrei aurre egiteaz gain, gizarte laguntzetan sakontzeko».
- Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote Europatik datozen funtsen %30 udaletara bideratua izan dadin, «proiektuek beharrezkoa duten finantziazioa izan dezaten».