Ugalde-Kateako futbol zelai berritua, prest
Aste honetan amaitu dituzte futbol zelaia berritzeko lanak. Zelaiaz gain, harmailak eta argiztapena hobetzeko lanak ere egin dituzte.
Udaleko Kirol saileko ordezkari Borja Olazabalek eta Mariño, Landetxa eta Real Union futbol taldeetako ordezkariek Ugalde-Kateako zelai berritua bisitatu dute gaur. Gaurkoan azaldu dutenez, aste honetan amaitu dituzte lanak, beraz, berriro futbol entrenamendu eta partidak jasotzeko prest da zelaia.
Hobekuntza ugari egin dituzte zelai barruan, baina baita ere zelaitik kanpo. Lehenik, garai bateko belar artifizialaren ordez belar geruza berri bat jarri dute, «indarrean dagoen araudiaren araberako ezaugarriak dituena, oinarri elastiko moteltzaile baten gainean». Gainera, ureztapen sistema ere hobetu dutela azaldu du gaur Olazabalek. Horrez gain, ondorengo lan osagarriak ere egin dituzte azken asteotan: egungo drainatze sarea egokitu, gainazaleko jariatze ura behar bezala hustu zelaian urik ez pilatzeko, harmailetako egungo egituran olana mikrozulatua instalatu ikusleak euritik babesteko eta egungo proiektagailuen ordez LED argiztapen elementuak jarri dituzte.
Obrarako ia 300.000 euroko inbertsioa (299.729,89 euro) egin dute.