Adur Amilibia: «Zelaian eta kanpoan, lehen hitza, beti euskaraz»
Egunotan Arigune gisa ari den Bidasoa Atletiko Taldeko kidea elkarrizketatu du HITZAk. Gaztetxoen erabileran eragitea dute helburu klubeko entrenatzaile eta begiraleek.
Zergatik zarete arigune?
Kluba betidanik euskara ahal duen moduan bultzatzen saiatu da. Gure bileretan eta haur guztiekin lehen hitza euskarazkoa da beti. Eta nola ez, horrelako egitasmo batean egon behar genuen, zalantzarik gabe. Euskaraldia erronka bat da, baina baita ere erreflexio puntu bat. Urtean zehar landutakoak mahai gainean jartzen ditugu. Autokritika horrek pixkanaka hobetzen laguntzen digu. Hor egon behar dugu, eta hor egongo gara.
Nola ari zarete 11 egun hauetan?
Ariguneena oso ongi prestatua genuen alarma egoera aurretik, baina aurreikusitakoa moldatu behar izan dugu. Bileretan, adibidez, euskaraz aritzen gara, eta hamaika egun hauetan saiakera berezia egiten ari gara. Monitoreen euskara maila ere neurtu dugu, noraino hel daitezkeen jakiteko. Hala, ahalbidetzen dizkiguten kirol jarduera guztietan euskaraz izango da lehen eta azkeneko hitza, zelai barruan zein kanpoan, orain arte bezala. Baina asmo nagusia da joera hori urtean zehar mantentzea. Egia da oraindik gauza asko daudela hobetzeko. Bulegoko bi langile, adibidez, euskara ikasten hasi dira. Pixkanaka pausoak ematen ari gara.
Erabilera datuak dira kezka nagusi Irunen. Errealitate hori ikusten duzue zuek ere entrenamenduetan?
Irunen eta azkenaldian Hondarribian ere erabilera datuak ez direla oso onak. Zaila da egoera. Euskaraldia bezalako ariketek laguntzen dute urratsak ematen, behintzat egun horietan gehiago saiatuko direlako erabiltzen, baina badirudi urtean zehar ahazten zaigula. Haur denak gurekin euskaraz aritzen dira, baina beraien artean maiz gaztelerara jotzen dute. Gogoetarako gaia da hori. Ez dakit zein izan daitekeen irtenbidea, zaila da egoera. Bien bitartean, Bidasoa Atletiko Taldean jarraituko dugu 365 egunetan haur zein gurasoekin euskaraz egiten.