Osasun krisiak eragindako larrialdi ekonomikoa arintzeko neurriak proposatu ditu Abotsanitzek
Krisi egoerari eta diru laguntzen joerari jarraipena emateko asmoz, mahai bat osatzea eskatu du udal taldeak.
Ekonomia eutsi eta kontsumoa sustatu nahi du Abotsanitzek eta diote, “era azkar eta prozedura erraza erabiliz” jarri beharko liratekeela martxan neurriak. Osasun krisiak eragindako larrialdi ekonomikoa arintzeko neurriak proposatu ditu udal taldeak. Era honetan, diru laguntza proposamena aurkeztu zuten aurreko asteazkenean udalean.
Proposamena gauzatzeko, COVID-19ak eragindako pandemiaren aurrean enpresei laguntzeko sorturiko diru partidatik 700.000 euro erabiltzea eskatu du udal taldeak.
Azaldu dutenez, aipatutako diru kopuru hartatik 500.000 euro aktibitate ekonomikoa sustatzeko erabiliko lirateke. Diru honekin 1.000 euroko laguntzak sortzea proposatu du Abotsanitzek, aktibitatea mantentzeko baldintzarekin.
Hilabete batean sortzen diren gastuei aurre egiteko diru laguntza izango litzateke eta adibide gisa jarri dituzte lokalaren alokairua, produktu higienikoak, zaborrak, ura, argia eta bestelakoak. Horretarako, “prozedura sinplifikatua beharko litzateke”, eta orain arte aurkeztu dituzten dokumentazioak ontzat eman beharko liratekeela uste du alderdiak.
Gabonetako kanpainari lotuta, 200.000 euro kontsumoa sustatzeko erabiltzea iradoki du udal taldeak. Kontsumo bonuen sistemari atxikitzea da euren asmoa.
Apirilean krisiak kolpatutako familiak eta jarduera ekonomikoak sustatzeko onartu ziren 2,6 milioi euroetatik, herena baino ez dela erabili azaldu du Abotsanitzek. Alderdiaren ustez, onartutako diru guztia ez erabiltzearen arrazoietako bat, zailtasun ugari egon izana da.
Abotsanitzek udazkenean eta neguan ehun ekonomikoa mantentzea garrantzitsutzat jo du, eta horretarako, Itxeki Hondarribia! programan gastatu ez den dirua erabiltzea proposatu dute.
Azkenik, krisi egoerari eta diru laguntzen joerari jarraipena emateko asmoz, mahai bat osatzea eskatu du udal taldeak, alderdi politikoek, kaltetutako sektoreen ordezkariek eta Bidasoa Bizirikeko teknikariek parte hartuko zutelarik.