Udalak bat egin du Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunarekin
Asteazkenerako ekitaldi bakarra antolatu du udalak: Beldur Barik lehiaketaren proiekzio saioa. Aurten ez dute egitaraurik antolatu hiriko elkarte feministekin.
Hilaren 25eko (asteazkena da) Indarkeria Matxistaren Aurkako egunarekin bat egin du beste urte batez Irungo Udalak. Halere, aurten ez dute egitarau zabalik prestatu hiriko elkarte feministekin batera. Egungo egoera dela eta, aurreikusitako zenbait ekintza bertan behera geratu direla azaldu berri du udalak, eta bakarra egokitzeko gai izan direla: Beldur Barik lehiaketaren proiekzio saioa. Beraz, ez da ohiko elkarretaratzerik edota ekitaldi berezirik egingo asteazkenean.
Urtero bezala, kolore moreko banderola zintzilikatuko dute udaletxean, eta eraikina kolore berberarekin argiztatuko dute. Berritasun gisa, aurten hiriko zenbait gunetan ere banderolak jarriko dituztela iragarri du udalak.
Hilaren 25aren bueltan udalak antolatutako egitasmo bakarra Beldur Barik lehiaketa da. Hamaikagarren edizio honetan hamaika lan jaso dituzte. Halere, ezingo da ohiko ekitaldia egin Amaia Kultur Zentroan, egungo osasun egoera dela eta. Horregatik saritutako bideoak online bidez ikusi ahal izango dira, esteka honetan. Hirubideko DBH 2. mailako ikasleek irabazi dute lehen saria, eta bigarrena Toki Alaiko DBH 4.ko ikasleek.