Koronabirusaren tasaren beheranzko joera berretsi egin da asteburuan Bidasoan
Asteburu honetan 93 kutsatu gehiago atzeman dituzte Irunen eta Hondarribian. Aurreko asteburuan 106 izan ziren positibo eman zutenak.
Beherantz doaz Hondarribiko eta Irungo COVID-19aren 100.000 biztanleko tasak. Joera hori berretsi egin da asteburuan, nahiz eta bi herrietan kontuan hartzekoa izan den infektatuen kopurua. Ostiraletik atzora (igandea), 93 positibo gehiago atzeman dira bi herrietan. Hilaren 13tik 15erako astebukaeran 106 izan ziren positiboak.
Irunen, ostiralean 29 positibo berri jaso ziren, 24 larunbatean eta 27 atzo. Hondarribian, berriz, launa ostiralean eta atzo, eta bost larunbatean.
Ondoko koadroan, bi herrien tasak:
- Irun: 789,66 (ostegunean 824,72).
- Hondarribia: 401,49 (ostegunean 436,91).
- Gipuzkoa: 870,89 (ostegunean 978,11).
Datu horiek eta beste asko gaur eman ditu Osasun Sailak txosten bidez. Hori zure gailura jaisteko, egin klik hemen.