Irunek Europan aurkezten dituen proiektuen aurrean, bozeramaileen aho bateko babesa
Adierazpen instituzional bat adostu dute talde guztiek. Europako Finantzaketa Funtsen estrategien barruan sar litezkeen proiektuak jaso dituzte bertan.
Irungo Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat sinatu du aho batez. Europako Finantzaketa Funtsen estrategien barruan sar litezkeen proiektuak jasotzen dituen dokumentua babesten duen adierazpena adostu dute ordezkaritza duten talde guztiek, deialdi arrunt (2021-2027) zein ezohikoetan (2021-2023).
Adierazpen honetan, lehen alarma egoeratik (martxotik zehazki) hiriak jarraitu duen bidea jaso dutela zehaztu dute udaleko iturriek, «lehenik eta behin Ekonomia eta Gizarte Sustapenerako Plan bat eginez eta, era berean, etorkizunerako gogoeta eginez, krisiaren problematikari erantzun egokia emateko». Adierazpenarekin batera, erabaki dute Irun Ekintzan erakundearen Kontseilu Nagusia izatea gizarte eta ekonomia sarearen ordezkari eta arduraduna.
Bigarren puntu batean, administrazio eskudunei elkarrizketa bideak ireki ditzatela eskatzea jaso dute, «proiektu horiek kontuan har daitezen COVID19aren pandemiak sortutako ondorioak arintzeko abian jarriko diren laguntza ekonomikoko tresnetan, bereziki Europako Errekuperazio eta Erresilientzia mekanismoaren bidez».
Adierazpenarekin batera, tokiko egitasmo publikotik sortutako 12 proiekturen oinarrizko ildoak ere aurkeztu ditu Jose Antonio Santano alkateak. Horiek 232 milioi euro inguruko kostua dutela zehaztu du, eta egitasmo pribatuko beste bost proiekturekin osatu dutela.
Guztira, 17 proposamen jaso dituzte adierazpenean. Hemen guzti horiek esteka honetan kontsulta daitezke.