«Gatazkaren ondorioak eta presoen afera konpontzeko garaia» dela oihukatu dute irundarrek
Mosaiko erraldoia osatu zuten atzo 170etik gora lagunek Zabaltza plazan, «preso eta iheslarien auziari konponbidea emateko urratsak eman, jendarteren aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasuna batzeko» asmoz.
Mendia eta kaleak hartu zituen atzo Sare Herritarraren aldarrikapenak. 170etik gora lagun bildu ziren atzo Irungo Zabaltza plazan, «preso eta iheslarien auziari konponbidea emateko urratsak eman, jendarteren aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasuna batzeko» asmoz. Goizean Aldabe (San Martzial) mendia ttipi-ttapa igo zuten irundarrek, eta ondoren, mosaiko erraldoia osatu.
Konponbidea hitz erraldoia osatu zuten plazan bertaratutako guztiek. «Elkarbizitzan eta bakean oinarritutako aro batera eramango gaituen bidea egin nahi dugu. Bide horretan, uste dugu ezinbestekoa dela gatazkaren ondorio guztiei heltzea, eta horrek esan nahi du presoei ere begira jartzea; presoek eskubide batzuk badituzte eta eskubideez gain denon ardura eta betebeharra da ahalik eta azkarren afera honi konponbidea ematea, bakeak ere bidea egin dezan. Gatazkaren ondorioak eta presoen afera konpontzeko garaia da behingoz», esan zuten atzo Irungo Sareko kideek.