[Erreportajea] Ezagutzetik erabiltzera salto
Ia 2.000 irundarrek eman dute izena aurtengo Euskaraldian. Kaletik harago, aurten bereziki etxeko eta laneko hizkuntza ohiturak astintzeko aukera ona dela uste du Irungo lantaldeak.
Irundarrak ere prest daude hamaika egunez euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko. Aurtengo asmo nagusia, Irungo lantaldeko koordinatzaile Lide Rekondoren arabera, «euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakalan eragitea» da, «Irunen ere, gehiago baitira ezagutzen dutenak, erabiltzen dutenak baino».
Ostiralean, 1.945 irundarrek emana zuten izena (1.520 ahobizi eta 425 belarriprest), 2018an baino 583 lagun gutxiago. «Argi dago izen ematea hasi zenetik, beherakada txiki bat atzeman dela, baina esan dezakegu, bizi dugun egoera berezia izanik, beherakada hori anekdotikoa dela. Hortaz, bide onetik doala dirudi. Dena den, arrakasta kalean neurtuko da, ariketa egiterakoan», azaldu du.
Aurtengo edizioa berezia izango da, baina Rekondok uste du osasun larrialdiak ez duela zertan eragin handirik izan behar emaitzetan. «Etxean ere badaude alda daitezkeen hizkuntza ohiturak, eta gauza bera egin daiteke telefonoz, bideo dei bidez, erosketak egiterakoan edota lantokian», erantsi du.
Oraindik Ahobizi edo Belarriprest gisa izena eman ez dutenak, lasai egon daitezela, izan ere, izena emateko epea luzatzea erabaki dute. Hala, bihar (hilak 24) arte aurtengo edizioan apuntatzeko aukera izango da, esteka honetan.