«Bidasoa gure hirian integratzearen aldeko» proiektua aurkeztu du EAJk
Bidasoa ibaiaren ertzeko tarte naturalak berreskuratzea proposatu dute proiektu honetan. Zehazki, Behobiatik Plaiaundira doan 3,5 kilometroko eremu horretan aurreikusi dute.
Irungo EAJ taldeak agerraldia egin du gaur goizean. Bertan gogoratu dutenez, joan den udan Europar Batasunak 1,8 bilioi euro onartu zituen COVID19aren ondorengo Europa berreraikitzen laguntzeko. Horren harira, eta «oposizioko talde nagusia» izanik, hausnarketa eta lan bat egin dute jeltzaleek, eta proiektu berri bat aurkeztu dute gaur.
Irunek Bidasoaren ertzeko tarte naturalak berreskuratzea proposatu dute proiektu honetan, egun «degradatuak, sarbiderik gabeak eta ingurumen balio handikoak» diren eremu natural horiek zehazki. Zehazki, Behobiatik Plaiaundira doan 3,5 kilometroko eremu horretan aurreikusi dute proiektua, eta asmoa «hiriaren ikuspegi oroko batekin egitea» dela zehaztu du Iridoyk. Eusko Jaurlaritzak sustatutako Txingudiko 2015-2026 Plan Zuzentzailean oinarritzen dela azaldu dute, zeinetan udalak ere parte hartzen duen. «Plan Zuzentzailearen zenbait jarduera aldatu, handitu eta hobetu izanaren emaitza da proiektu global hori», erantsi dute gaurkoan.
Plan honek barne hartzen duen inbertsioa 25.321.000 eurokoa da, ondorengo proiektuetan inbertitzeko:
- Osinbiribileko hiri-inguruko parkea, aisialdirako ekipatua (6.000.000 €).
- Irletako(Irukanale, Galera, Santiagoaurrera) eta Bidasoako ezkerreko erriberako lurzoruak eskuratzea (2.200.000 €).
- 3 uharteak birnaturalizatzea (Irukanale, Galera, Santiagoaurrea) (700.000 €).
- Bidasoako hiri-ezkerreko ibaiertza hobetzea (417.000 €).
- Oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidea. Hendaiarekiko lotura – Pierre Loti- nazioarteko zubiak (940.000 €).
- Plaiaundi kirol-pistak eraistea eta ezabatzea (768.000 €).
- Txenperenea kirol-gunearen proiektua eta obra (7.000.000 €).
- Mendelu eta Pierre Loti-en arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide perimetrala (1.096.000 €).
- Artigako kanala birnaturalizatzea Osinbiribilen (2.200.000 €).
- Bidegorria Azken Portu eta Artia-ren arteko oinezkoen ibilbidea (2ª fase) (1.250.000€).
- Dumboa kanala birnaturalizatzea (2.750.000 €).
Proiektu global hau, «tamalez» ez dela irteera lerroan egongo uste dute jeltzaleek. Gainera, duela hilabete udal gobernuak Ekintzan Irungo Kontseilu Nagusiaren osoko bilkuran Europar Batasuneko funtsak biltzeko proiektu multzo bat aurkeztu zuela gogoratu dute. Halere, alkateak elkarrizketarako borondaterik ez duela salatu dute. «Gure taldearen eskaerari ez dio jaramonik egin, jarrera pasiboa hartu du eta lan foro baten deialdia atzeratu du, hitz egiteko aukera emango ligukeena akordioan sartzea lortzeko».
Horregatik jarrera aldatzeko eskatu diote Santanori, «adostasuna eta babesa lortu ahal izateko, Irungo onerako». Amaitzeko, jeltzaleek nabarmendu dute «elkarrizketa zintzorako» prest daudela.