[Erreportajea] Elkartasun sareak ehunduz
Itxialdiak emakume izateak berez dakarren zaurgarritasuna areagotu du. Haiek bat egin dute, inoiz baino sendoago, isolamenduari elkartasunez aurre eginez, batzen dituen amarra sendotzeko.
Itxialdiak isolatu ditu. Nor bere etxean giltzapetu du, bere bakardadean, bere mamuekin. Kasu batzuetan, baina, mamu horiek hezur eta haragizkoak izan dira, eta irudipenean baino, etxe berdinean, alboan, bizi izan dira.
Erasotzaile ezizenez ezagutu ohi dira mamu horiek; emakumeen izana bera euren ahurretan hertsatu eta txiki-txiki egiten dutenak, ikusezin bilakatu arte.
Osasunaren izenean etxean gelditzeko eskaera egin zitzaion gizarteari martxo erdialdean, segurtasunaren gotorleku iritziz teilatu azpiko eremua. Ezin albora daiteke, alabaina, supazterra gudu zelai izan duten horien oinazea, NBEk 2019an argitaratutako ikerketa baten arabera emakumeentzako gune arriskutsuena baita etxea.
Indarkeria matxistaren kontrako borrokari leku egiteko egun bat egoteak (azaroak 25), bere horretan, zer pentsatua ematen du, eta urtez urte hazten diren zifrek ere, bere horretan hitz egiten dute. Izan ere, urtero gehiago dira zifra horiek puzteko duten joera, uneoro.
Ikusezintasun horri jarkitzeko eta berrogeialdiak bereizi dituen itunak bersendotzeko garaia da orain, inoiz baino gehiago, aurrekaririk gabeko egoera honetan.
Lotura horren sinestun da Cony Carranza, 2019ko Emakunde Sariaren irabazlea; hark bere burua armiarmatxo bezala deskribatu ohi du, konbentzimendu osoz uste baitu emakumeek, armiarmek bezala, euren marasma-sareak ehuntzen dituztela: «Ehuntze hori beste hainbat armiarmekin batera egiten dugu. Izan ere, askotan esan izan dut, eta berriro esango dut, milaka aldiz, nire izanaren azken hasperenera arte: ni naiz, beste guzti horiek izan direlako».
Berrogeialdiak bereizi dituen itunak bersendotzeko garaia da orain
Sareztatze hori azkortzeko xedez hainbat emakume taldek, eta horien jardunari babesa adierazi nahi dioten beste hainbat norbanakok, elkarlana izan dute ardatz hilaren 25ari aurre egiteko; horren eredu garden izan dira Lezo eta Pasaiako emakumeak, soinez soin egin baitute lan azken asteotan: «Nahiz eta talde bakoitzak bere nortasuna duen, uste dugu herri mailako gaia dela eta denok hartu behar dugula parte», adierazi du Lezoko Emakumeen Taldeak.
Isolamenduari elkartasunez erantzungo diote aurten, beste inoiz baino gehiago, berrogeialdiak bakarrik utzi dituen horiei elkartasuna adieraziz, eta, kasu txarrenetan, euren erasotzailearekin bizi (edo biziraun) behar izan duten emakumeei bereziki, aurten lehen aldiz batu diren Pasaiako emakume feministek nabarmendu dutenez.
Salaketak erdira jaitsi dira
Emakundek argitara ateratako datuen arabera, indarkeria matxistako salaketen kopurua erdira jaitsi zen martxoko itxialdian zehar.
Neurriek ez dute balio izan egoera zaurgarrienetan zeuden horientzat
Pasaia eta Lezoko emakume taldeek argi utzi nahi izan dute horrek ez duela esan nahi, ezta gutxiago ere, abusuak eten direnik: «Oso gogorra da zu etxean egon beharra zure erasotzailearekin, jakin gabe zure ekintzek gero zein errepresalia ekarriko dizkizuten», nabarmendu dute lezoarrek: «Salaketa jarri eta beste nonbaitera joateko aukera baduzu ondoren tira, baina etxera bueltatu behar baduzu… Horrek beldur handia sortzen du». Pasaiako emakumeek aipatutako egoerak ekar litzakeen kalte psikologikoak mahaigainera atera nahi izan dituzte.
Itxialdiak, orokorki, aurretik zaurgarri zirenak are kalteberago bilakatu ditu, zentzu guztietan. «Osasun krisiaz gain, krisi ekonomiko eta sozial oso larria ere bada, eta emakumeak dira, egoera honetan, indarkeriaren biktima nagusienetakoak», gehitu dute pasaitarrek.
Izan ere, kontraturik ez duten gehienak emakumeak direla esan du Lezoko Emakumeen Taldeak: «Zer esanik ez da ikusezintasun ekonomikoari buruz, zaintzaile eta garbitzaile gehienak emakumeak direlako, eta horiek ikusezin bilakatu eta etxean gelditu dira, bakarrik, errekurtsorik gabe».
Erronka berri asko sortu ditu aurrekaririk gabeko egoera honek emakumeen bizitzetan, eta horiei aurre egiteko ezinbestean errekurtso gehiago behar dituztela erreklamatu dute lezoarrek. Elkarlana bada pauso bat, eta ez xumea, gainera, baina horrekin ez da aski: «Udalaren eta herritarren arteko harremana indartu behar da, mahai bat osatu emergentzia bat balego zein protokolo martxan jarri zehazteko».
Horrez gain, ezinbestekotzat dute herri mailako elkargune fisiko bat sortzea Lezon, emakumeek nora jo jakin dezaten: «Emakumeok gure kabuz elkartzeko gaitasuna badugu, baina baliabide ekonomikorik ez». Elkarlanerako deia egin nahi izan diote Lezoko Udalari: «Egoera ezin da gelditu bakarrik instituzioen esku, ezta soilik emakumeen esku ere; sare bat sortu behar dugu elkar indartzeko».
Erronka berriei aurre egiteko ezinbestean errekurtso gehiago behar dituzte
Aurrekaririk gabeko aldia
Egoera hau are latzagoa egin duten faktore bi badira: bat-batekotasuna eta ezjakintasuna. Aurrekaririk gabeko berrogeialdiari erantzuteko protokolorik ez zegoen, eta inoiz bizi izan ez zen garaiari aurrea hartzeko ezgai, batzuek bizi behar izango zutena inork ezin susma zezakeen.
Ordura arte askabide izandako ateak itxi eta lau pareten artean arnasgabe gelditu direnen bizipenen samina inork ezin irudizta zezakeen.
Hartutako neurriek ez dute balio izan egoera zaurgarrienetan zeuden horientzat. Sheila Melcon psikologoak «baztertzaile» bezala deskribatu du estrategia, etxerik gabeko emakumeak hartuz ahotan, besteak beste.
Itxialdiak isolatuta, baztertuta eta babesgabe utzi dituen emakumeekin sareak ehuntzeko egunak dira datozenak, eta ildo horretan elkartasunerako deia egin nahi izan dute Pasaiako eta Lezoko emakume taldeek: «Batera egin dezakegu, elkarrekin egin dezakegu. Egunerokotasunean jasaten dugun indarkeria mota ororen aurrean kolektibotasuna ezinbestekoa da».
Pandemiak banandutakoa elkartze sareen bidez berrindartuko dute. Izan zirenen omenez, eta izango diren haiek, ausart baino, aske izan daitezen euren etxebizitzetan.
Bidasoko datuak
254. Irungo ertzain etxeak 2020ko urtarriletik azaroaren hasierara arte bildutako indarkeria matxistaren biktimen salaketa kopurua.
195 (%77). Erasotzailearekiko babes agindua ezarri zaien emakumeak.
5 (%2). Bortxa app-a instalatuta daukaten emakumeak. Erreminta horrek kontaktu iraunkorra ahalbidetzen die ertzain etxearekin eta espezializatutako laguntza eta sorospen zentroekin.
2 (%0,79). Babes telematikoa ezarrita duten emakumeak. Kasu horietan erasotzaileak orkatilako bat darama, eta biktimak pultsera bat.
2 (%0,79). Eskolta pertsonala duten emakumeak. Babes hori iraunkorra edo puntuala izan daiteke, arriskuaren baitan.
Egitarauak herriz herri
- Hondarribia
Olana. Emakumeen aurkako indarkeriarik ez hitzekin olana jarriko dute Kasino Zaharrean.
Liburuak. Liburutegian irakurketa txoko bat sortuko dute Azaroaren 25ari begirakoa.
Bideoklipa. Emekik bideoklipa grabatu du lau dantza akademiarekin, Beberen Ella kantuarekin. Sareetan zabalduko dute.
Antzerkia. Hilaren 24an, 19:00etan, Kultur Etxean Las Chirlas antzerki clown obraz gozatzeko aukera egongo da.
Filma. Hilaren 28an, 19:00etan, Itziar Bollainen La Boda de Rosa filma proiektatuko dute.
Gazteentzat. Azaroaren 25ean, Tizatu ekintza egingo dute - Irun
Literatura. Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren VI. edizioaren aurkezpena, gaur, 11:30ean, Oiasso Museoko kafetegian, ‘Askeak, ez ausartak’ lelopean. Asun Casasola ere bertan izango da.