[Elkarrizketa] "Aurrekoa arrakastatsua izan bazen, aurtengoa ere"
Hondarribiko Euskaraldiko dinamizatzaile lanetan buru-belarri murgilduta dabil Aritz Enparan. Aurtengo parte hartzearekin asebete agertu da, nahiz eta Euskaraldia izurriaren menpe egongo dela argi duen.
Nola aurreikusten duzue aurtengo ekitaldia?
Aurtengo berritasuna ariguneak izan dira, eta horiek erakarriko dute pertsonek herritar gisa parte hartzea, banaka, ahobizi eta belarriprest moduan. Horrek bultzada bat emango die rol horiei. Orain, izurriarekin zer gertatuko den, ez dakit. Egun batetik bestera gauzak izugarri aldatzen dira, eta ez dago aurreikusterik. Halere, izena emateko zailtasunik ez da izan, eta beraz, aurreko ekitaldia arrakastatsua izan bazen, aurtengoa ere, seguru.
Ariguneak dira aurtengo berritasuna. Zergatik ariguneak?
Aurreko ekitaldian, banaka, herritar moduan, parte hartu genuen, eta horretarako konpromiso batzuk eskatu zitzaizkigun. Hamaika egunerako konpromiso batzuk ziren. Orain eskatu zaiguna da, herritar moduan konpromisoak hartzeaz gain, pauso bat gehiago emateko: goazen nolabait egitura daukaten talde horietan, entitateetan, ere eragitera; talde konpromisoa hartzera bultza ditzagun. Hori da helburua. Entitate gisa, lehenengo etortzen zaizkigunak burura beti dira enpresak edo administrazio publikoa, baina horren barruan sartu ditugu talde egitura daukaten bestelako entitateak: kirol taldeak, erakunde kulturalak, abesbatzak, dendari txikiak, tabernak, Psilocybe moduko musika elkartea… Kasuistika asko egon daitezke, baina egitura bat izan behar dute, helburu konkretu bat izan.
Ariguneak, euskaraz lasai aritzeko guneak, beharrezkoak direla uste duzu?
Bai, nik uste dut euskaldun guztiok momenturen batean estres linguistikoa sufritu dugula. Horrek aditzera ematen duena da, zu toki batera edo entitate batera joaten zarenean, eta ezagutzen ez duzun pertsona bati hitz egitera zoazenean, lehenengo hitza euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez… Nola egin behar duzun erabakitzeko momentu hori da estres linguistikoa, ezinegon hori. Faktore askorengatik izan ohi dugu estres linguistikoa, baina hori arintzera bidean, ikusaraztea ni entitate batera joan naitekeela eta euskaraz hitz egin dezakedala. Agian besteak ez duela ulertzen esaten dit, eta hizkuntzaz aldatzen dut, baina ez du nire jarrera gaizki ikusiko, ez da errespetu falta bat izango. Barruan daukagun estres hori arintzeko modua da, eta horretarako eratu dira ariguneak Hondarribian. Entitate horretara joaten zarenean haiek adieraziko dizute leku horretan euskaraz lasai hitz egin dezakezula.
Aurtengo beste berritasuna da iraupena hamabost egunera luzatu dela. Nola garatuko dira egun horiek?
Segur aski aurretik egingo den lanketa guztiak eramango duela lasterketa baten moduan aurrera Euskaraldia, bultzatuta etorriko den ekitaldi bat izango da. Pentsa, entitateetan egiten duten lehen lana da ariguneak identifikatzea, eta horietan parte hartzen dutenak aktibatzea. Bestalde, herritarrak ahobizi eta belarriprest modura izena ematea, eta horiek aktibatzea ere dagokigu. Aktibazioa, beraz, bi aldeetatik etorriko da, eta gaur iritsiko gara bien arteko bateratze puntu horretara. Printzipioz bultzadak jarraitu beharko luke hamabost egunez, edo behintzat, elikatu beharko luke.
Zein da Euskaraldiak herritarrei planteatutako erronka? Zein da mahai gainean jarritako ariketa?
Euskaraldiaren helburu nagusia da guretzat ohikoak diren eta normaltzat jotzen ditugun hizkuntza ohiturak eraldatzea. Beste modu batera jokatzeko aukera dagoela ikusaraztea, ahalmen hori daukagula, eta ez dela ezer gertatzen gainera. Orain arte oso barneratuak ditugun ohitura horiek hautsi ez, ezin delako, baina norberak bere buruari ikusaraztea badaudela beste modu batzuk, eta hizkuntza ohituretan beste joera batzuk hartzeko aukera dagoela. Horretarako sortu ziren ahobizi eta belarriprest rolak. Norberak erabakitzen du zein rol hartzen duen, bai ariketa horretarako, zein Euskaraldia bukatuta. Norberaren mugak zeintzuk diren ikustea, eta herritar moduan hausnartzea da helburua, bakoitzak zer egin dezakeen erabakitzea, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko.
Zein mezu helaraziko zenieke hondarribiarrei Euskaraldiari begira?
Aurrekoan parte hartu zuten horiei, berriz ere parte hartzeko eskatuko nieke, ikusi genuelako merezi izan zuela. Eta aurrekoan parte hartu ez zutenei, animatzeko esango nieke, galdetzeko parte hartu zutenei ea beraiek nola sentitu ziren. Konpromiso bat da, txikia, askotan modu naturalean ateratzen dena. Egoera dela-eta jendeari erne egoteko ere eskatu nahi diot, eta ekitaldirik ezin bada egin, banderola jar dezatela balkoian, Euskaraldian gaudela sumatzeko. Mahaia jartzen dugun egunetan eskura daitezke.