'Askeak, ez ausartak' lelopean iritsi da Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren seigarren ekitaldia
Gaur aurkeztu dute ipuin lehiaketa. Helduentzat eta gazteentzat kategoriak daude. Oarso Bidasoko Berritzegunearekin indarrak batu dituzte.
Gaur aurkeztu dute Oiasso Museoan Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren VI. edizioa. Askeak, ez ausartak leloarekin irudikatu dute edizio berria, eta lanak azaroaren 25etik 2021eko otsailaren 10era aurkezteko epea dago; Martxoaren 8ra arteko epea izango du epaimahaiak irabazleak aukeratzeko. Aurten 12 urte bete dira Nagore Laffage irundarra erail zutenetik. Orduan hasi zen haren amaren borroka, Asun Casasolarena. “Borroka hori aitortzen jarraitzeko helburuz antolatu dugu ipuin lehiaketaren edizio berri hau”, esan dute antolatzaileek.
Leloarekin Emakumeon Mundu Martxari keinua egin diotela adierazi dute antolatzaileek: “Zubi guztien gainetik! Mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean hasi zuten Emakumeen V. Mundu Martxa, gure herria eta Hendaia lotzen dituen zubian. Edizio honetan, migrazioaren irakurketa dekoloniala egin nahi du martxak. Indarkeria mota ezberdinak pairatzen ditugu emakumeok, eta gehiago batzen zaizkigu gure sorterri, arrazalizazio edo bizilekua kontutan hartuz gero. Gure lehiaketaren aurtengo edizioarekin bat egin nahi dugu Mundu Martxarekin eta guk ere zubi izan nahi dugu zapalkuntza ezberdinei aurre egiten dituzten istorioak idaztera gonbidatuaz”.
Euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako ipuinak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, bat parte hartzaile bakoitzeko (orri bakarrekoak behar dute izan), eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokaren berri emango dutenak, baina ikuspuntu positibotik, antolatzaileek adierazi dutenez, “indarkeriarik gabeko jendartea irudikatzeko”.
Lau kategoriatan banatu dituzte parte hartzaileak: helduena (2004. urtera arte jaiotakoentzat), euskaraz eta gaztelaniaz; eta gazteena (2004-2010 urteen artean jaiotakoak) euskaraz eta gaztelaniaz. Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da: helduen kasuan 300 eurokoa eta Iruñeako Katakrak liburu dendan baliatzeko 50 euroko bonua; eta gazteen kasuan 100 euro eta Katakrak-eko 50 euroko bonua.
Epaimahaiko kideak, honakoak: helduen kategorian, euskaraz, Yurre Ugarte idazlea eta Ainhara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain kazetariak izango dira. Kategoria berdinean, gazteleraz, Mertxe Tranche, Marian Benitez eta Virgia Gasul idazlea. Gazteen kategorian, euskarazko sailean, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez izango dira epaimahaiko kide, eta gaztelerazkoan, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Lopez.
Lanak bidaltzeko bi bide daude:
- Posta elektronikoz: egin klik hemen helbidea lortzeko.
- Posta arruntez: BDS Koop. Aixin Zolua ibilbidea 5, 20304, Irun.
‘Berdintasuna Amets’
Berritasun nabari bat du Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren seigarren ekitaldi honek. Gazteengana hurbiltzeko beste urrats bat egin nahi izan dute antolatzaileek, eta Oarso Bidasoko Berritzegunearekin indarrak batu dituzte.
Bidasoko eta Oarsoaldeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketetako ikasleen parte hartzea sustatzen duen Berdintasuna amets egitasmoa garatu dute hiru urtez Berritzegunean. Bertan eskola, ikastetxe eta institutuetatik etorritako hamaika idazlan, artelan edota ikus-entzunezko lan bildu dituzte, denak, beti, genero berdintasunaren aldeko aldarri gisa. “Orain, energiak batu, eta ipuin lehiaketa eta Berdintasuna amets egitasmoak eskutik harturik bide berri bat ibiltzera goaz Asun Casasola Berdintasun Amets proiektu berriarekin. Haur, nerabe zein gazteei begira bidea egin nahi duen proiektua da honakoa, kalean zein ikastetxeetan indarkeria matxistarik gabeko eta genero berdintasunaren aldeko jendartea irudimenean amestu eta errealitatean eraikitzeko”. Marivi Fernandez Berritzeguneko zuzendariak eman ditu horren xehetasunak gaurko agerraldian.