"Zerbitzu publikoak, zerbitzu integrala eman behar du. Gure eskubidea da"
Osasungintza publiko eta duinaren aldeko manifestaziora deitu dituzte irundarrak hilaren 28rako. Osasun langileek borrokaldiarekin bat egin dute.
Azken asteazkenetan Irungo anbulatorioen parean elkarretaratzeak egin dituzten herritarrek, agerraldia egin zuten atzo. Kalitatezko zerbitzu publikoen aldarria egin zuten, hori osasun arlora enfokatuz batik bat. “Zerbitzu publikoak, zerbitzu integrala eman behar du. Gure eskubidea da”, esan zuten atzoko bilkuran. Horri begira, mobilizazioekin jarraitzeko prestutasuna azaldu zuten irundarrek: hilaren 28an, larunbata, manifestazioa egingo dute 12:00etan Dunboako anbulategitik hasita. “Gure bidea hasi besterik ez dugu egin. Gure helburua da irundar guztiak inplikatzea bat egin dezaten ditugun eskaerekin. Nahi duenak ateak zabalik ditu”.
Manifestazioaren ezaugarritzea eskaera zehatzetara eraman dute irundarrek: osasungintza publikoan lehen arretarako baliabide gehiago nahi dituzte; BPGaren %7 gutxienez osasun sistema publikora bideratzea nahi dute, “bizita eta osasuna erdigunean jarriko dituzten inbertsioak egitea”; murrizketak ekidin nahi dituzte; pribatizazioen kontra daude; eta osasun krisiaren aurrean pertsonen arreta bermatzeko baliabide guztiak jarri behar direla uste dute. Osasungintza publikoa krisian dagoela uste dute, ez bakarrik pandemiagatik. Horren arrazoia, haien ustez, “inposatutako sistema neoliberal eta austerizida” da.
Osasun sistema duina aldarrikatzeaz gain, osasungintzako langileek abiatu dituzten greba deialdiekin bat egin dute. Eta salaketa egin: “Zerbitzu minimoak, eguneroko zerbitzu maximoen pareko izan dira, hain zuzen ere egoera larria delako. Dena emanez gure, denon alde lanean ari dira. Hemendik gure esker ona haiei”.
Hainbat datu eman zituzten atzoko agerraldian. 2020an, Eusko Jaurlaritzak aurreko urtearekin alderatuz osasungintzarako 142 milioi euro gutxiago erabili dituela adierazi zuten. Aldi berean, Europako Batasunak pandemiari aurre egiteko eman asmo dituen diru laguntzen zati “ziztrin” bat bideratuko duela osasungintzara Jaurlaritzak, 103,77 milioi: “4.162,5 milioi azpiegitura handietarako bideratuko dituzte, eta beste 3.858 enpresa handiekin egiteko proiektuetarako. Argi, beraz, gure agintarien lehentasun eta bidelagun kutunak zeintzuk diren. Argi uzten du horrek non uzten gaituen gu, herri xehea”.
Nabarmendu dute agintarien egitekoa dela errekurtso komunak lehentasun sozialetara bideratzea. “Goikoek arduragabe jokatzen badute, hori horrela izan ez dadin borrokatzea herritarren betebeharra da”.