Mendi igoera eta mosaikoa, «preso eta iheslarien auziaren konponbidean urratsak egiteko»
Igandean Aldabe (San Martzial) mendia igotzera deitu du Bidasoko Sare Herritarrak. Ibilaldiaren ostean mosaiko erraldoia osatuko dute Luis Marianon.
Izan Bidea dinamikaren baita, Irungo Sare Herritarrak igandeko (hilak 22) egitasmoan parte hartzera animatu ditu eskualdeko herritarrak. Aldabe (San Martzial) mendira igoera egingo dute, eta ondoren, mosaiko erraldoia osatu Luis Marianon, «preso eta iheslarien auziari konponbidea emateko urratsak eman, jendarteren aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasuna batzeko» asmoz. 10:00etan abiatuko dira Urdanibia plazatik, ibilaldia amaitu ostean, hirira eramateko aldarria. 12:30ean aldiz, Konponbidea hitza osatuko dute bertaratutakoek.
«Elkarbizitzan eta bakean oinarritutako aro batera eramango gaituen bidea egin nahi dugu. Bide horretan, uste dugu ezinbestekoa dela gatazkaren ondorio guztiei heltzea, eta horrek esan nahi du presoei ere begira jartzea; presoek eskubide batzuk badituzte eta eskubideez gain denon ardura eta betebeharra da ahalik eta azkarren afera honi konponbidea ematea, bakeak ere bidea egin dezan», diote Irungo Sareko kideek. Pandemiaren aitzakiarekin gainera «presoen eskubideen murrizketa nabarmenak» izan direla diote, hala nola, isolamendua, informazio falta, tentsio uneak, bis a bisen eta komunikazio familiarren etenaldiak eta bisitak egiteko zailtasunak.