Ezohikoa izango da aurtengo Gabonetako azoka
Hiriko komertzioek jada azokako postuetako bat eskuratzeko izena eman dezakete. Berritasun bezala, aurten ez da izotz pistarik egongo, «segurtasun neurriekin ez baita bateragarria».
Irungo Udala jada aurtengo ezohiko Gabonei begira jarri da. COVID-19aren hedapenak aurtengo egitaraua baldintzatuko duela zehaztu du udalak, baina halere ohiko zenbait jarduerekin jarraitzeko apustua egin du.
Ezohikoa izango bada ere, irundarrak ez dira ohiko Gabonetako azokarik gabe geratuko. Abenduaren 18tik 27ra bitarte Zabaltza plaza hartuko du azokak, hori bai, aurreko urteetan baino postu gehiagorekin. Izan ere, osasun larrialdiagatik azoka handitzea erabaki dute, baita ere bertako postu kopurua, komertzioei bultzadatxo bat emateko asmoarekin. Egurrezko hamabi postu egongo dira guztira, horietako bi ostalaritzari bideratuta. Dekorazioa, gainera, hiriko artisten eskutik helduko dela zehaztu du udalak, beraz, «arte areto inprobisatu» bilakatuko dute azoka.
Horietako postu bat eskuratu nahi dutenek helbide honetara idatzi edo 943 505 335 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Izotz pistarik ez aurten
Etxeko txikienentzat albiste txar bar ere eman du udalak. Aurten ez da izotz pistarik egongo, «segurtasun neurriekin ez baita bateragarria». Pistan inbertituko ez duten guzti hori azoka indartzeko baliatuko duela zehaztu dute udaleko iturriek.