Urteko azken hiru fakturak salbuetsiko dizkiete eskualdeko ostalariei
Txinzer-ek jakinarazi duenez, urriko, azaroko eta abenduko ura eta hondakinen fakturen %100a ordaintzetik salbuetsiko dira taberna eta jatetxeak.
Txinzer-ek (Txingudiko Zerbitzuak) jakinarazi berri duenez, COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaera negatiboaren ondorioz itxi behar izan dituzten ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduei laguntza eman nahi die. Zehazki, 2020ko uraren eta hondakinen azken hiru fakturak ordaintzetik salbuetsiko dituzte. Horretarako, hilaren 22ra (igandea da) salbuespen hori eskatu beharko dute ostalariek, esteka honetan.
Hala, baldintzak betetzen dituztenek urriko, azaroko eta abenduko fakturen %100etik salbuetsiko dira.
Orain arte, eskualdeko 60 ostalaritza negoziok egin dute eskaera. Txinzer-eko datuen arabera, Bidasoko 420 saltoki inguruk jasan dute sektorearen itxieraren eragina. «Txingudiko Zerbitzuak profil hori betetzen duten abonatu guztiekin harremanetan jarriko da datozen egunetan, telefonoz eta banaka laguntzei buruzko informazioa emateko», jakinarazi dute.
Azkenik, gogorarazi dute fakturak ordaintzeko zailtasunak dituzten abonatuak Txinzer-ekin harremanetan jarri beharko direla, fakturak geroratzea edo zatikatzea eskatzeko, «inolako ondorio ekonomikorik gabe».
Txinzer-etik erantsi dute aurreko deialdian laguntza eskatu zutenek ez dutela berriro egin beharko eskaera, eta beste hilabete bat aplikatuko dietela automatikoki.