Harrera Sareko boluntarioak kalera atera dira, «migranteak kalean uzten ari direla» salatzeko
Bi kanpin denda jarri zituzten atzo Gurutze Gorriaren dispositiboaren kanpoaldean, bertako sarbidea ukatu baitiete lau laguni. Datozen asteetan etor daitekeen egoerarekin oso kezkati azaldu dira boluntarioak.
Irungo Harrera Sareak ekintza berezia egin zuen atzo Belaskoenea auzoan migranteentzako eskuragarri dagoen dispositiboan. Bi kanpin denda jarri zituzten Gurutze Gorriak kudeatzen duen eraikinaren kanpoaldean, «jendea kalean uzten ari direla» salatzeko. Egungo egoerarekin oso kezkati azaldu dira boluntarioak, baina bereziki datozen asteetan etor daitekeenarekin.
Sareko kide Josune Mendigutxiak azaldu duenez, mugan kontrolak zorroztu dituzte azken egunotan, eta «ia ezinezkoa» da egun Bidasoa ibaiaren beste aldera pasatzea. Gainera, Baionako dispositiboa (hara bideratzen ditu sareak migranteak) konfinatu dutela kontatu du Mendigutxiak, 15 egunez. Ondorioz, Irundik igarotzen diren gehienak hirian bertan gelditzen hasi eta hasiko dira.
Hemen geratzen diren horiek Gurutze Gorriako dispositibora bideratzen ditu sareak, baina atzo (enegarrenez sarea sortu zutenetik) ere zenbait lagun kalean lo egitera behartu zituztela salatu zuten. «Atzo gauean 15 lagun zeuden dispositiboan, baina lau laguni ez zieten bertan lo egiteko aukera bermatu, ez zituztelako baldintzak betetzen, horregatik egin genuen atzoko ekintza. Eta egoera hori uste dugu gehiagotan errepikatuko dela datozen asteetan, etorri daitekeen horrekin kezka handia dugu», erantsi du.
Egun, hiru eguneko aterpea eskaintzen diete Belaskoeneako eraikinean, baina ez denei. Izan ere, dublinatuei edota Espainiako Estatutik ibili direnei (beste askori ere) ez diete aterperako sarrera baimentzen. Kalean utzitako lau lagunek baldintza horiek betetzen ez zituela azaldu du boluntarioak.
Hiru egun horien ostean gehienak muga pasatzeko autua egiten dute, baina egungo egoera kontuan hartuta, enbutu bat sor daitekeela uste dute sareko kideek. Datozen aste eta hilabeteetan heldutako ia denak Irunen bertan geratu beharko dira, «asko kalean, ordurako ez baitituzte baldintzak beteko jada». Esaterako, atzo dispositiboan sartutako 15 migranteak astelehenean kalean geratuko direla salatu du Mendigutxiak.
Baldintzak aldatzeko exijitu diote Gurutze Gorriari, «ahalik eta gehien flexibilizatzeko, gaua pasatzen utz diezaietela denei. Ez badituzte ja baldintzak aldatzen ez ditugu bi denda jarri beharko, hamar baizik», erantsi du amorruz.
2 emakume kalean
Ostegun gauean izandako kasua ere salatu nahi izan du Mendigutxiak. «Autoz bi emakume iritsi ziren. Pariseraino pagatua zuten bidaia, baina beste askotan bezala, Irunen utzi zituzten. Polizia nazionalak harrapatu zituen, erregistratu, eta komisaldegira eraman. Gero, kalean utzi zituzten, hirian dispositibo bat dagoela jakinarazi gabe, ikaragarria da». San Juan plazako banku batean egin zuten lo biek. «Kalean lo egin zuten baina ez Gurutze Gorriak ez zituelako onartu, poliziak ez zituelako eraman baizik».