[Erreportajea] Injustiziak gogoan, errepika ez daitezen
Bidasoko 90 deportatuak ardatz dituen erakusketa Arma Plaza gunean dago ikusgai, hilaren 22ra arte. Bortxaz kontzentrazio guneetara eramandakoen artean zeuden hiru hondarribiarrek askapena lortu arte biziraun zuten.
Historia ziklikoa dela esan ohi dute, eta sinesmen horrek bereziki garrantzizkoa egiten du mendeetan atzera egin eta arbasoek pairatutako bidegabekeriei lekua egitea, etorkizunean errepika ez daitezen.
Urtebeteko bidea dauka atzean Bidasoko Deportatuak erakusketa ibiltariak. Aitzina aldizkarian Ana Santa Mariaren ikerlan batean oinarritu dira Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kideak, egun Hondarribian ikusgai dagoen esposizioa gauzatzeko.
Ikerketa horrek 1936ko gerraren ondorioz edota Bigarren Mundu Gerran zehar deportatuak izan ziren 90 bidasoarren izenak ezagutarazi zizkien Kepa Ordokiko kideei, eta horiek atxilotze edo akabatze esparruetan bortxaz eman beharreko urteen testigantza jaso dute.
Askapena lortu zutenen nahiz erailak izan ziren horien (90tik 30) historia desestali, eta boza indarrez kendu zietenei ahotsa itzuli diete.
Deportatuen artean Hondarribian jatorria zuten hiru gizon zeuden: Eduardo Albistur Sagarzazu, Francisco Aguilar Mendizabal eta Clemente Sagarzazu Agirre. Guztiek bizirik iraun zuten haien kontzentrazio esparruan, askapena lortu arte.
Arbasoen guduari aitorpena egiteko modua da erakusketa ibiltaria
Peli Lekuona Kepa Ordokiko kidearentzat lan hau ez da edonolako erakusketa, esanahi berezia du: «Deportazioa eskualdean hasten da, gure lurretan giza eskubideen urratze asko izan dira. Kasu honetan deportazioa bera bortxazko mugiaraztea da, arrazoi politiko, erlijioso, sexual edota bestelako irizpideengatik eman dena. Lan honekin ohartu gara eskualdean gertatu zenaz, eta ezagutza hori gure bizilagunen artean zabaldu nahi dugu».
Gertakari historiko horien berri ematea ez da gizartea informatzeko xede hutsetik jaio, erraietan badu beste funts sendo bat: «Oso garrantzitsua da etorkizun oparo bat izateko eta gizarte justuago bat eraikitzeko, duela hainbat urte atzera begira jartzea».
Gertatu zen horretaz ikastea da aurrera egiteko bidea Lekuonarentzat: «Gauzaturiko akatsez ikasi eta jazo ziren sufrimenduei erreparatu behar zaie, gerora eskatzeko justizia, egia eta beste hainbat balio, horretan oinarritzen baita memoria. Aldarrikatzen duguna da Bidasoak ere deportatuak izan zituela eta pertsona horiek ere begirune bat merezi dutela».
Iraganean ahantzita geldi ez daitezen, arbasoen guduari aitorpena egiteko modua da erakusketa ibiltaria. Horien bizipenak banan-banan biltzen ahalegindu dira elkarteko kideak, eta bakoitzak bide guztiz ezberdina egin zuen errepresio urte horietan zehar, baina bada deportatutako guztiek komunean duten zerbait: biktimak izan ziren.
«XX. mendeko totalitarismoa jasan behar izan zuten bi jazoera historiko bortitz horiekin», aitortu du Lekuonak. Antolatzaileek Hondarribiko bizilagunei deia egin nahi izan diete erakusketa ikustera bertara daitezen, eskualdeko jendearentzat bereziki adierazgarria izan baitaiteke deportatu horien izen-abizenei erreparatzea: «Beharbada gertukoen erreferentziak topatuko dituzte. Gertatu izan zaigu: pertsona bat Berara joan zen erakusketa ikustera eta bere bi osaba topatu zituen izen zerrenda horretan».
Gure gizartea egun nolakoa den ulertzeko, lehen nolakoa izan zen ezagutzea ezinbestekotzat du Lekuonak: «Ibilbide horri erreparatu behar diogu, pertsona askoren bizipenak daudelako artean, eta horiek gure eskualdeko deportatuak ere badira».
Erakusketa
Bidasoko Deportatuak erakusketa ibiltaria Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak sorturiko 27 panelek osatzen dute, hiru gune nagusitan bana daitezkeenak.
Bideari hasiera ematen diote XX. mendeko erregimen totalitarioek, deportazioaren esanahia eta ondorioak testuinguru horretan kokatuz.
Denera 42.500 atxilotze gune, akabatze gune, ghetto eta bortxazko lan faktoria egon ziren, horien artean hainbat eta hainbat Bidasoko inguruetan; horien berri izango du bisitariak bigarren fasean.
Amaitzeko, fokua apur bat urritu beharra dago, bertako bizilagunen arbaso izan ziren deportatuen xehetasunak eskaintzen baitira.
Arma Plaza zabalik egongo da astelehenetik larunbatera 10:00ak eta 18:00ak bitartean, eta igandeetan 14:00ak arte.
Josu Chueca historialak hitzaldia emango du gaur (hilak 13) Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Gurs. El campo vasco liburuaren egilea da, eta aipaturiko kontzentrazio eremuan bildutako 2.745 euskaldunak izango ditu aztergai arratsaldean.