[Erreportajea] Baserrietan ere, adi seinaleari
Behe Bidasoko baserrietan eta landa eremuan Internet konexio eskuragarri eta duina eskaintzen hasi da Izarkom telekomunikazio kooperatiba. Eskualdeko bi baserrik jada zerbitzua probatu dute.
Hirigunetik kanpo bizi diren herritarrentzako ohiko bilakatu den arazo bati irtenbidea ematera etorri da Izarkom telekomunikazio kooperatiba. Banda zabaleko konexioa eskaintzen hasi da Behe Bidasoko baserri eta landa eremuetan, hirigunetik kanpo bizi direnei ere zerbitzu duina eskaini ahal izateko.
Kooperatibako kide Gari Garaialderen ahotan, azken hamarkadetan esfortzu txikia egin dute telefonia operadore handiek Internet konexioa landa eremura ere irits dadin, eta ondorioz, konexio arazo ugari pairatu dituzte denek. «Orain arte baserrietan ez da fundamentuzko konexiorik eskaini, ez zaielako errentagarria atera. Beraiek produktu bat saltzen dute, eta guk zerbitzu bat eskaintzen dugu. Bilatu ez duten hori egin dugu guk», esan du.
Konexioa baserrietara eramateko, antena bidezko azpiegitura bat sortu du Izarkomek. Wifiaren antzeko sistema batekin funtzionatzen duela argitu du Garaialdek. Eskualdean dituzten antenek ematen dute seinalea, eta baserrian jarritako antena batek hartzaile lanak egiten ditu. «Irungo Lapitze auzoko baserri batean eta Hondarribiko beste batean jarri dugu konexioa, eta primeran doa. Oso pozik daude, orain konexio normala dute, edonork erabiltzen duen maila berean erabil dezakete», erantsi du, pozik.
Izarkomeko kidearen aburuz, azken proiektu honek etorkizunari begira interesgarria izan daitekeen aukera bat ere zabalduko du. Izan ere, Bidasoa ibaiaren hegoaldeko aldean jarritako antenarekin, Ipar Euskal Herrira ere jada konexioa emateko gai direla dio. Espainiako Estatuaren legeari moldatuta eskaintzen dute zerbitzua, ibaiaren alde honetatik. «Adibidez, Biriatuko herri kasko guztira, Pausuko zonalde batera edo Hendaiako zati handi bateraino irits daiteke seinalea. Guretzat pauso hori oso garrantzitsua da». Hori bai, Garaialdek zehaztu du soilik antena bidezko konexioa eskaini ahalko dutela mugaren beste aldean, eta ez zuntz zein mugikorrerako zerbitzua. Epe luzerako proiektua izango da hori.
Bidasoa-Txingudi bailara lehen geltokia izan da, baina ez azkena. Datozen hilabeteetan Euskal Herri osoko baserrietara hedatu nahi dute proiektua, kooperatibaren asmo nagusia «guzti-guztiok Internet zerbitzu eskuragarri eta arrazoizko bat bermatuta izatea» baita.
Egoera erabat ezberdina
Banda zabaleko azken proiektu hau hondarribiar baten eskaeratik datorrela kontatu du Garaialdek. Miren Legorburu izan da, Lapitze auzoko bizilagunarekin batera, esperientzia berri honetan murgildutako lehena. Hondarribiarraren eta haren senideen lehen inpresioak jaso ditu Hitza-k.
Kontatu duenez, etxetik lan egiteko konexio ona behar zuen Legorburuk, baina goiko errota inguruan ez dute sekula nahi adina seinalerik izan. Orduan, betiko operadoreei deitu beharrean, zuzenean Izarkomekin harremanetan jartzeko hautua egin zuen. «Orain arte satelite bitarteko konexioa izan dugu etxean. Gaur egungo erabilerarekin oso eskas geratu zitzaigun. Esaterako, lehen laneko bideo bat deskargatzeko gau osoa piztuta uzten nuen ordenagailua, goizean ikusi ahal izateko. Orain, ordea, tarte labur bateko kontua da. Bilboko lankideek ere sumatu dute aldaketa, hartu-emana erraztu digu zerbitzuak. Oso pozik gaude», kontatu du Legorburuk.
Senideek ere beso zabalik jaso dute zerbitzu berria, eta guztiek egoera berberean dagoen herritar orori pauso hori emateko deia egin diote. «Iruditzen zait horrelako proiektuak sustatu behar direla. Azkenean operadore handien esku gelditzen gara, eta horrelako arnasgune txikiak izatea, non gure autonomia landu dezakegun, funtsezkoa iruditzen zait. Salto hori eman behar dugu herritarrek, egin dezagun sistema askeen aldeko apustua», erantsi du hondarribiarrak. Baserrietatik harago ere Izarkomek egun eskaintzen dituen mugikorreko zein zuntz bidezko zerbitzuak probatzeko gomendioa eman du Legorburuk.
Inor ere konexiorik gabe
Izarkomeko kideen agenda lepo beteta egon da ezohiko urte honetan. COVID-19ak eragindako lehen olatuak ikasle asko etxetik klaseak jarraitzera behartu zituen, eta ondorioz, Internet konexioa premiazkoa izan da etxe askotan; denetan ez zegoen, ordea. Bada, Izarkom orduan ere behar horri erantzuteko prest agertu zen. Proiektu aitzindari batekin, 70 ikastetxeko 1.200 ikasleri zerbitzua eman zieten, Euskal Herriko 25 udal kooperatibarekin harremanetan jarri ostean. «Ikusi genuen zulo bat zegoela hor ere, eta guk baino diru gehiago duten horiek ez zutela ezer egin. Zulo horretan hondarra bota dugu, ahal dugun neurrian tapatzen saiatu gara. Kolektiboan pentsatzen egin genuen», azaldu du Garaialdek.
Orain, bigarren olatuarekin ere udal ugari haiekin harremanetan jarri direla zehaztu du, baina oraingo honetan dio ezingo diotela eskaerari eutsi. «Proiektu ederra izan zen, baina itogarria guretzako. 200 bat ikasle izango zirela uste genuen hasieran, baina kopurua erabat handitzen joan zen. Sekulako lana izan zen, baliabide oso murritzak ditugulako oraindik», esan du. Horregatik, nabarmendu du «proiektua egonkortzeko» premia, etor daitezkeen egitasmo guztiei erantzun ahal izateko. «Benetan horrelako arazoei irtenbidea emateko jendartetik eta herritik pentsatutako proiektuak sortu behar dira, ez goitik etorritakoak», erantsi du hondarribiarrak.
Sare libre erraldoia
Epe luzera begira, Izarkomeko kideek bestelako proiektu ugari dituzte buruan. Horietako handienetako bat da Euskal Herri osora begira hasi dutena. Kataluniako Guifinet sare libre moduko bat sortzea dute helburu, operadore handiekiko menpekotasun hori txikiagotzen joateko asmoarekin. «Euskal Herri mailako sare libre bat sortu nahi dugu bestelako eragileekin elkarlanean, erabilera publikora begira, noski. Edonork erabil dezakeena, Euskal Herritik pentsatuta, Euskal Herriko eragileek sortuta eta Euskal Herritik kudeatuko dena».
Proiektua egikaritzeko bidean, Udalbiltzarekin dagoeneko hitzarmen bat sinatu dutela kontatu du Izarkomeko kideak, beraz, lehen harria jarrita dagoela. Bide batez, Izarkomekin elkarlanean aritzeko interesa duten guztiei haiekin harremanetan jartzeko deia egin die Garaialdek. Harremanetarako, 943 56 92 14 telefono zenbakia eskuragarri dute, edo helbide honetara ere idatz daiteke. Irungo Erromes plazako BDS Koop eraldaketa fabrikatik pasa daitezke, astegunetan, 08:30etik 13:00etara.
Bide onean
2018ko otsailean ibilbidea hasi zutenetik, pausoz pauso goraka ari den kooperatiba da Izarkom. Uztailean gainditu zuen 1.000 bazkideen langa, eta egun, 1.300 bat direla kontatu du Garaialdek.
Proiektua Bidasoan jaio arren, Bilbon dituzte bazkide asko egun. «Hego Euskal Herri osoan ditugu bazkideak. Iparraldeko batzuk ere badira, han bizi direnak baina egunerokoaren zati bat hemen egiten dutenak». Oso baikor baloratu ditu 2018tik gaur bitarteko datuak. «Oso ondo doa proiektua, uste baino hobeto. Orian arte soilik mugikorreko zerbitzua eskaini dugu, baina orain ere zuntza eskaintzen dugunez, jendetza etortzen hasi da. Jendea nazkatuta zegoen betiko operadoreekin, bazegoen gogoa aldaketarako. Lanez lepo gaude zorionez. Seinale ona da hori».