Kirol eraikin berri bat egiteko lehen urratsak eman ditu udalak
Ugaldeko futbol zelaiaren ondoan egingo dute eraikina. Egun bertan dagoen ekipamendua osatzeko balioko duela azaldu du udalak.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, lehen urratsak ematen hasi dira Katea auzoan kirol eraikin berri bat egiteko. Obra sailak lizitaziora atera ditu obra proiektua idazteko lanak, beraz, proiektua martxan da. Eraikin berriak gaur egun Ugalden dagoen ekipamendua osatzeko balioko duela azaldu du udalak, eta egungo futbol zelaiaren ondoan eraikiko dutela.
Eraikin berria Uranzu pilotalekua berritzeko lanak iraun bitartean hiriko klubei zerbitzua emateko jarritako behin behineko karpan egingo dute. «Hiriko kirolarentzako erreferentzia izan dadin nahi dugu. Martxan jarraitzen dugu, eta, eguneroko beharrei erantzuten saiatzeaz eta egun ditugun instalazioak mantentzeaz gain, bide berriak urratzen ditugu, etorkizuna gogoan eta eraikin honek Iruni hainbat kiroletan aritzeko emango dizkion aukerak gogoan», esan du Kirol saileko ordezkari Borja Olazabalek.
Hasiera batean eraikin berrian askotariko kirolak praktikatzeko aukera eskaini nahi dute. Horretarako, 40 x 20 metroko arauzko pista bat eraikitzea aurreikusi dute, 8 metroko altuera librekoa. Halaber, harmaila bat, komunak, aldagelak, biltegiak eta mantentze zerbitzuetarako beste espazio batzuk ere proiektatuko dituzte.
Orotara, 100.000 euroko inbertsioa egingo du bertan udalak.