Hilaren 19a izango da Euskaraldian izena emateko azken eguna
Oraindik Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu ez dutenak garaiz daude. Hurrengo ostegunean itxiko dute izena emateko epea.
Hamaika egun besterik ez dira falta bigarren Euskaraldiaren hasierarako. Hilaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo dute aurtengo ariketa soziala, eta Irungo lantaldeak gogoratu duenez, izena emateko azken eguna hilaren 19a (osteguna da) izango da. Beraz, oraindik apuntatu ez direnak garaiz daude. Esteka honetan egin daitezke izen emateak.
Lehenengo edizioan bezalaxe, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu beharko dute irundarrek. «Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute uneoro. Lehen hitzak, beti, euskaraz egingo dute eta euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko dute. Bestetik, belarriprestek euskaraz egitea eskatuko diete solaskide euskaldunei. Agian, beti ez dute euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek uneoro euskaraz hitz egingo dute», azaldu du Irungo lantaldeak.
Txapak eskuratzeko ordutegi bat jarri dute, Udal Euskaltegitik pasa beharko dira irundarrak, gaur (hilak 9), bihar, (hilak 10) hilaren 13an (ostirala da), hilaren 17an (asteartea da) edo hilaren 19an (osteguna da). Halere, aurreko ediziokoa izanez gero, berrerabiltzeko deia egin dute antolatzaileek.