Ostalaritza eta jatetxe establezimenduak itxiko dira larunbatetik aurrera
Iñigo Urkulluk larunbatean indarrean jarriko diren neurri berriak iragarri ditu. Zirkulazio askatasuna 22:00etara murriztu dute eta taldeko kirol jarduerak etengo dira.
Hamar egun igaro dira azken neurri eta mugak indarrean sartu ziren dekretua ezarri zenetik, baina Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du egoerak ez duela hobera egin, kontrara: “Datuak ez dira lasaigarriak, Euskadin eta gure inguruan transmisioa gero eta handiagoa da”.
Horrek egoera geroz eta kezkagarriagoa egiten duela nabarmendu du, ospitaleen saturazioa mehatxu bat baita. Ildo horretan, ezinbestekotzat dauka neurri berriak berehala hartzea “transmisio kateak irmo gelditzeko”. Urriaren 26ko dekretua aldatu da, honako neurri hauek onartzeko:
- Gaueko 22:00etatik goizeko 6:00ak arte zirkulazio askatasuna mugatzea.
- Jarduera sozioekonomikoak gaueko 21:00etatik aurrera mugatzea, merkataritza establezimendu guztiei eraginez, farmazia eta gasolindegiei izan ezik.
- Kultu jardueretan, edukia, aforoa %35ekoa izango da.
- Ostalaritza eta jatetxe establezimenduak itxiko dira; kanpoan geratuko dira hoteletako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko.
Jatorduak etxez etxe zerbitzatzeko prestatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, gaueko 21:00ak arte.
Gasolindegietan, osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu guneetan sortzen diren jatetxe zerbitzuak kanpoan geldituko dira. - Kultura jarduera guztiak 21:00ak baino lehen amaitu beharko dira, musika eta ahots entsegu kolektiboak edo dantza entsegu kolektiboak profesionalak ez direnean bertan behera geldituko dira.
- Taldeko edozein kirol jarduera etengo da, lehiaketa profesionala edo erdi profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol ekitaldietara joatea.
Nahitaezkoa da musukoa erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri inguruneetan egiten denean.
Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan edo kiroldegietan egin daitezke, betiere maskararekin egiten badira, gehienez 6 laguneko taldeetan eta asko jota %40ko edukierarekin. - Joko eta apustu establezimendu eta lokalak itxiko dira.
- Gaueko 22:30ak izango dira garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko gehieneko ordutegia. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuaren alokairua.
Dekretua bihar, ostirala, argitaratuko da, eta larunbatean (hilak 7) jarriko da indarrean. Neurri horiek egoera epidemiologikoaren eboluzioaren menpe egongo dira.
Zuzenean kaltetutako sektoreei laguntza emateko lerro berriak landuko ditu euskal gobernuak, bereziki ostalaritza, merkataritza eta turismoari lotutakoak. Argi utzi da orain arte abian zeuden laguntza programek martxan jarraitzen dutela eta neurri gehigarriak baloratuko direla behar berriei aurre egin ahal izateko.
Agerraldiari amaiera emateko lehendakariak gogorarazi nahi izan du funtsezkoa dela bizitza soziala eta mugikortasuna murriztea, konfinamendu berri batera saihesteko eta gabonetara ahalik eta baldintza hoberenetan heldu ahal izateko. Ahalegin kolektiboa egiteko deia egin du “zailtasun handiko froga hau gainditzeko”.