Osasun langileek irundarren babesa dute
Ehundik gora lagun bildu ziren atzo erdiguneko anbulatorioan, kalitatezko osasun sistema publiko baten defentsan. Herritar talde batek egin zuen deialdia.
Ehun bat lagun bildu ziren atzo (hilak 4) Irungo erdiguneko anbulatorioan, «osasun sistema publikoaren defentsan hiritar sare bat artikulatzen hasteko borondatearekin». Herritar talde batek egin zuen deialdia, kezkati azaldu baitira COVID-19aren ondorioz osasungintza publikoan pairatzen ari diren egungo egoerarekin, haien arabera, «inoiz baino gehiago indartu eta defendatu beharreko ondarea» baita. Zaintzen gaituena babestu! lelopean egin zuten elkarretaratzea.
Gipuzkoako osasun langileek aste honetan hasi duten grebarekin bat egin zuten atzo bertaratutakoek. «Ulertzen dugu ez dela beraien erantzukizuna soilik osasun sistema publikoaren defentsa. Betebehar hiritar bat ere bada, eta horregatik osatzen saiatzen ari garen hiritar sarea. Pandemia garaitzea ez da erabaki indibidualen batura baten emaitza izango. Esfortzu publikoa funtsezkoa izango duen gizarte erantzun batetik helduko da», esan zuten atzoko mobilizazioan.
Datorren asterako ere mobilizazioak iragarri dituzte eskualdean. Datozen egunetan horien berri emango dutela zehaztu dute.