Iragan astean erretiratutako puntuak ezohiko plenoan onartu ditu EAJk
Bakardadean eta babesik gabe atera ditu aurrera gobernu taldeak azken udabaltzarrean erretiratutako puntuak; HAPOaren epaiaren aurkako beste kasazio errekurtso bat ere onartu dute jeltzaleek.
Ezohiko osoko bikura egin du gaur goizean Hondarribiko Udalbatzak. 08:30ean hastekoa zen udalbatzarra, baina ia ordu erdiz atzeratu da azkenean. Deialdiaren helburua: batetik, iragan asteko udalbatzarretik erretiratutako bi puntuak onartzea; bestetik, Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkako helegiteei kasazio errekurtsoak jartzen jarraitzea. Gehiengoa baliatuta, negoziaziorik eta gainontzeko udal taldeen babesik gabe, onartu ditu EAJren gobernu taldeak proposamenak.
Magdalenako Kuboaren Hirigintza Jarduketa Programka (HJP) eta Domingotxoeneako Xehetasun Azterketak bete dituzte osoko bilkuraren lehen bi puntuak. Horiexek izan ziren, hain zuzen, azken udalbatzarrean tentsioa piztu zuten bi proposamenak, dokumentuak ez baitziren udal talde guztien eskura jarri. Akatsak bi puntu horiek erretiratzera eraman zuten talde jeltzalea.
Oraingoan, dokumentazioa jaso bai, baina astearte arratsaldean izan zutela eskura salatu du Abotsanitzek, eta egun bakarrean (gaur goizean izan da plenoa) halakorik aztertzeko denborarik ez dagoela argudiatu du Igor Enparan bozeramaileak. Horrez gain, promotorei mesede egitea leporatu dio gobernu taldeari. Etxebizitza sozialik ez eraikitzeak gizartean sortzen dituen ezberdintasunak ere mahaigaineratu ditu arduradunak.
Maria Serrano Merkataritza, Turismo eta Ekonomiaren Sustapenerako zinegotziak informazio hori eskura izan dutela orain arte erantzun dio herri batzarreko bozeramaileari, eta Udalerria Batzordean parterik ez hartzea haien erabakia izan dela erantsi du.
PSE-EEren udal taldeak, bere aldetik, igogailuaren proiektua ontzat jo duen arren, plana esku pribatuetan uztea eta etxebizitza sozialik ez aurreikustea kritikatu du Noemi Odriozola hautetsiak.
Eztabaidak eztabaida, EAJren udal taldearen aldeko botoekin onartu dituzte bi proposamenak; EH Bilduk eta PSE-EEk abstentziora jo dute, eta Abotsanitzek ez du bozketan parte hartu.
Plan orokorra
HAPOaren inguruko eztabaidak bete du, beste behin, osko bilkuraren zati bat. Oraingoan ere plan orokorraren aurkakoa den 324/2020 helegiteari kasazio errekurtsoa aurkeztea erabaki du EAJk, gainontzeko udal taldeen aurkako iritziari erreparatu gabe.
EH Bilduren udal taldeko Xabier Isasi udalaren arazoa “ez da juridikoa edo teknikoa, politikoa” dela adierazi du: “Berriz ere zaharkitutako proiektu bati eutsi nahi zaio, eta hau ez da Hondarribiak behar duena. Garai berriari begira aukera paregabea daukagu hirigintza plan orokorra egiteko, egoera berrira egokitutako plan bat diseinatzeko”. HAPOaren baliogabetzeak sortutako indefentsio juridikoa ere nabarmendu dute Abotsanitzek eta PSE-EEk, eta EAJren jarrera “ulergaitzat” jo dute.
Gehiengoa baliatuta jeltzaleen bederatzi botoekin aurrera atera da proposamena. Oposizioko zortzi zinegotziak, aldiz, errekurtsoen bidearen aurka azaldu dira, beste behin.