COVID-19: neurri murriztaile gehiago ezartzea aztertuko du gaur Jaurlaritzak
Arratsaldean du batzarra LABI batzordeak, neurriak aztertzeko. Etxeko konfinamendua ez da ezarriko momentuz.
LABI EAEko babes zibileko planaren aholku batzordea gaur arratsaldean batzartuko da, Jaurlaritzako lehendakaria buru duela. Bertan, azken egunetako COVID-19aren garapena aztertu eta neurri murriztaile gehiago ezarri ala ez aztertuko dute. Iñigo Urkulluk lehendakariak Espainiako Gobernuari eskatu dio etxeko konfinamendua ezartzeko aukera izan dezala; Madrilek erantzun du 2-3 asteko epea behar dela erkidegoek neurri hori baliatzeko aukera izan dezaten.
Berri gehiagoren esperoan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean, Eusko Legebiltzarrean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoaren berri eman zuen. Haren arabera, izurritearen bilakaera «kezkagarria» da, eta kutsatuen zein ospitaleratuen kopuruak gorantz egiten jarraitzen du; datuak ikertuz gero, hori da joera nagusia. Beraz, ohartarazi zuen COVID-19a «galgatzeko» aukera guztiak daudela jarrita mahai gainean, baina neurri zehatzak erabakitzea LABI batzordeari dagokiola.