'Bidasoko Deportatuak' erakusketa ibiltaria abiatu du Kepa Ordokik
Bidasoko memoria historikoaren aldeko elkarteak 1936an zein Bigarren Mundu Gerran deportatu eta eraildako bidasoarrak gogora ekartzea du helburu.
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Bidasoko Deportatuak izenpeko erakusketa ibiltaria abiatu du Hondarribian. Bildumaren nondik norakoak aurkezten izan dira elkarteko Peli Lekuona zein Carlos Santiago, eta Hondarribiko Udaleko Txomin Sagarzazu alkatea zein Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia.
Espainiako Gerraren ondorioz edota Bigarren Mundu Gerran zehar deportatutako 90 bidasoarrak ditu hizpide erakusketak. Kontzentrazio esparruetara eramandako herritarretatik 30ek heriotza aurkitu zuten bertan. Hendaia (Lapurdi), Irun, Bortziriak (Nafarroa) eta Hondarribiko bizilagunak ziren denak.
Lekuonak aurkezpenean azaldu duenez, hiru izen hondarribiar daude zerrenda horretan: Eduardo Albistur Sagarzazu, Francisco Aguilar Mendizabal eta Clemente Sagarzazu Agirre. Bergen-Belseneko (Alemania), eta Gurseko (Okzitania) kontzentrazio esparruetan egon ziren lehenengo biak, hurrenez hurren; eta Compiegnen (Frantzia), zein Alemanian kokatutako Neuengamme eta Wöbbelin esparruetan egon zen azkena.
Deportatuak hizpide
Erakusketa ibiltariaren baitan Josu Chueca historialak hitzaldia emango du hilaren 13an Kultur Etxean, 19:00etan abiatuta. Gurs. El campo vasco liburuaren egilea da, eta aipaturiko kontzentrazio eremuan bildutako 2.745 euskaldunak dauzka aztergai.
Bidasoko Deportatuak erakusketak kontzentrazio esparruen ondorioak pairatu zituzten bidasoarren memoria gogora ekartzea du helburu. Arma Plaza informazio gunearen bigarren solairuan bisita daiteke hilaren 22ra bitartean. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara dago zabalik.