Izurriak Hondarribian izandako eraginaren gaineko balorazioa egin du Sagarzazuk
Inguruko udalerriekin alderatuta egoera "apur bat hobeagoa" den arren, orain astebete semaforo gorria piztu zela Hondarribian gogoratu du.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea izurriaren eraginen inguruan mintzatu da gaur goizean prentsa aurrean egindako agerraldian. Egoeraren balorazioa eskaini du agintariak, eta nabarmendu duenez, inguruko udalerriekin alderatuta “apur bat hobeago” dagoen arren Hondarribia, datuak “kontu handiz hartu beharrekoak dira”.
Orain dela astebete igaro zuen Hondarribiak 500eko langa, eta beraz, semaforo gorria piztuta duten udalerrien zerrendaren parte izatera pasa zen. Hori horrela, aste honetan bertan Biztanlearen Arreta Zerbitzua (BAZ) koronabirus positibo bat zegoela eta, protokoloa aplikatu eta desinfekzio lanak burutzeko itxi behar izan zutela aipatu du.
Adinekoen egoitzei dagokienez, bestalde, atzo San Gabrielen zendu zen pertsonaren senideei doluminak helarazi nahi izan dizkio hautetsiak. Lehen olatuan zehar Alde Zaharrean kokatutako zentroan ez zen positiborik atzeman. Egoera, beraz, irauli dela aditzera eman du agintariak, hasieran hamar eta hamahiru positibo erregistratu baitzituzten Uliazpin eta Caser Betharram zentroetan, hurrenez hurren. Uneotan, berriz, ez dagoela kutsaturik bi egoitza horietan berretsi du alkateak.
Azkenik, gizarte marjinazioa pairatzen duten herritarrek berrogeialdia edota itxialdia egin beharko balute, Gipuzkoako Foru Aldundia Joan Sebastian Elkano aterpetxea egokitzen ari dela ere jakinarazi du.
Arloz arlo
Bidasoko ESI izan du hizpide Sagarzazuk agerraldian. Tokiko gobernuaren eta bertako osasun zerbitzuen arteko elkarlana areagotu dela erantsi du. Komunikazio eta lankidetza horren ondorioz azken erabakiak “arinago” hartu ahal izan ditu udal gobernuak, Sagarzazuren iritziz.
Gizarte Zerbitzuetan, dagoeneko 280.000 euro bideratu direla diru-laguntzetara nabarmendu du, baita 226.000 euro gehiago ere Irungo Udalarekin batera abiatutako Zubia zentrorako ere.
Tokiko ekonomia berpizten laguntzeko Itxeki Hondarribia! programaz ere aritu da alkatea. Diru-laguntzen talka plana aurreikusitakoa baino “mantsoago” doala onartu du, baina baldintzak betetzen dituztenei laguntza ematen ari direla ziurtatu du, halaber, agintariak. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren bonu kanpainarekin ere bat egin dutela gogoratu du.
Azkenik, osasun neurriak eta arauak ez betetzeagatik Udaltzaingoak 22 zigor espediente zabaldu dituela jakinarazi du. Horiek, besteak beste, ordutegi mugak ez betetzeagatik, musukoa ez erabiltzeagatik, eta taldeen gehienezko pertsona kopuruak ez errespetatzeagatik martxan jarri direla zehaztu du.
Aurrera begira
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Labi Babes Zibileko planaren aholku kontseilua bihar egitekoa den bilkura medio, iragarritako neurri zorrotzagoen aurrean udala “egoera berriari aurre egiteko prest dela” baieztatu du Sagarzazuk. Egoera are gehiago ilundu daitekeela aurreikusiz, datozen asteetan zehar herri eragileekin biltzeko asmoa agertu du alkateak.
Azkenik, “gure osasun egoera hobea izan dadin” lan egiten duten profesional guztei esker onak eman nahi izan dizkie bukaeran. “Neguak luzera joko du, beraz, eskerrak eta animoak”, bukatu du.