«Zaintzen gaituena babes dezagun»
Osasungintza sistema publikoa exijituko du bihar herritar talde batek Irunen, erdiguneko anbulatorioan, 19:00etan.
Pasa den asteazkeneko mobilizazioak errepikatu dituzte aste honetan, herritar talde baten egitasmoz. Irungo erdiguneko anbulatorioan ere mobilizatzera deitu dituzte herritarrak bihar (asteazkena da), Osasungintza publikoa defendatu! Zaintzen gaituena babestu! lelopean. 19:00etan elkartuko dira.
Honako eskaerekin irtengo dira kalera asteazkenean: lehen arretarako baliabide gehiago inbertitzea, osasungintzan inbertsio gehiago egitea (gutxienez BPGren %7a) eta murrizketarik eta pribatizaziorik ez egitea. «Horrexegatik antolatu ditugu guk, herritarrok, astez aste greba egunen bezperetan
elkarretaratzeak; osasungintza publikoko komunitateak jakin dezan ez dagoela bakarrik. Jakin
dezan herritar sarea badela, euren eguneroko borroka sostengatu eta hauspotzen duena», esan dute hedabideei bidalitako ohar batean. Osasungintza publikorako inbertsio gehiago exijitu dute eta hala izan arte, kaleko borrokarekin jarraitzeko asmoa berretsi dute.
«Argia da mediku, erizain, zeladore, anbulantzietako sanitario, garbitzaile, mantenuko langile,
sukaldari, administratibo eta abarrek, jarri zutela haien burua eta ingurua arriskuan, prebentzio-neurri falta izugarriarekin aritu zirela eta oraindik ere berdin jarraitzen dutela. Non dago osasungintza publikoan egin behar zen diru inbertsioa? Non dago erantzukizuna? Ez al dugu ezer ikasi? Babes dezagun zaintzen gaituena», erantsi dute.