«Munduko hiru itzuli nagusietako bat hemen izate hutsa albiste ona izan da hiriarentzat»
Espainiako Itzuliaren gaineko lehenengo datu eta iritziak eman ditu udalak. Lasterketaren abiapuntua Irun izateak «oihartzun handia» izan duela uste dute.
2020ko Espainiako Itzulia amaitzear dagoenean, Irungo Udalak irteeraren gaineko lehenengo datu eta iritziak eman ditu. Kirol saileko ordezkari Borja Olazabalen ahotan, «emaitza ona izan da», bai inguruko hotelentzako eta baita ere hiriarentzat oro har.
Lasterketaren abiapuntua Irun izateak «oihartzun handia» izan duela esan du Olazabalek. «Irunen izena mundu osoan barrena ibil da albiste bakoitzean», erantsi du. Udalak emandako balorazioaren arabera, Ficoba erakustazokako zuzendaritza kideek ere positibotzat jo dute lasterketa.
Era berean, trafikoari dagokionez, udaltzainek eta ertzainek «oso koordinazio lan handia» egin behar izan zutela nabarmendu du Olazabalek, baina dena primeran atera zela. «Tropela pasatzeak ez zuen arazo handirik eragin hiriko trafikoan».
Borja Olazabal: «azken batean balantzea ona da. Pandemia dela eta nahiz eta ez izan hasieran imajinatzen genuen jardunaldia eta nahiz eta ezin izan genituen gauzatu aurrez pentsatu genituen hainbat jarduera, munduko etapakako hiru itzuli nagusietako bat hemen izate hutsa albiste ona izan da hiriarentzat».