Banda zabaleko Internet konexioa landa guneetara hedatu du Izarkomek
Seinalea hedatzeko azpiegitura abiatu du Behe Bidasoko telekomunikazio kooperatibak, hiriguneetatik kanpo bizi direnek ere konexio "duina" izan dezaten.
Behe Bidasoko baserri eta landa eremuetan banda zabaleko Internet konexiorako azpiegitura hedatu du Izarkomek. Hala jakinarazi du telekomunikazio operadore kooperatibak, eta erantsi duenez, hiriguneetatik kanpo bizi direnei zerbitzu “duina” eskaini ahal izatea da helburua.
Zabaldutako informazioaren arabera, bidasoar guztiei “Internet zerbitzu eskuragarria eta arrazoizkoa” bermatu nahi die era horretan kooperatibak. Areago, konexioa eskaintzeko modua “hainbat eragilerekin elkarlanean” lortu dutela gaineratu dute; zehazki, “Izarkom eraikitzen ari den Euskal Herriko Sare Telematiko Publiko-Komunitarioaren bitartez”.
Informazio gehiagorako kooperatibaren webgunera jo dezakete interesdunek.