[Erreportajea] Iraganaren begirada berritua
Txomin Artola musikariaren antologia ekoizten ari dira hondarribiarra eta Migel Zeberio orkestra zuzendaria. Emaitza Gabonetan ezagutarazi nahi dute.
Txomin Artolaren antologia proiektuan buru-belarri lanean ari dira abeslari hondarribiarra eta Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendaria, iazko udan lan berri honi forma ematen hasi zirenetik. Izurria tarteko, lanari jarraipena emateko aukerarik izango ote zuten zalantzan jarri dutela onartu dute biek. Hala eta guztiz ere, ezustekoak ezusteko, pixkanaka aurrera doa proiektua, eta dagoeneko, orkestrarekin grabatu beharreko musika piezak bukatu dituzte.
Grabazio estudioan sartuta eman zuten musikariek iragan asteburua, orkestrako kideekin batera lanean. Ordu ugari pasa behar izan zituztela bertan onartu du Artolak. «Pentsa, orkestra hemezortzi bat lagun dira, eta dena ondo egiteak bere denbora eskatzen du», azaldu du. Horiek, hala ere, Zeberio miresten dutela uste du Artolak, eta baieztapen irmoa egin du hari buruz: «Liderra da. Harekin egunerokoan egon behar zarenean antzematen zaio gehienbat».
Iazko udatik labean dagoen proiektua da Txomin Artolaren antologia. Proiektua nola sortu zen galdetuta, Hondarribiko jaietan antolatutako bi kontzerturen harira izan zela onartu du Zeberiok. Izan ere, tolosarra da sortzez orkestra zuzendaria, baina Hondarribian bizi da aspalditik, eta bertako zein kanpoko musikariekin lotutako kantaldiak antolatu ditu jaietan. Horietan, hala ere, ez zuen Artolaren parte hartzea lortu, zer edo zer egitekotan zerbait zaindua egin nahi zuela esan baitzion, ez zuela jende pilaketa handirik nahi. Ildo beretik mintzatu da Artola, eta jaietan publikoa «beste klabe» batean dagoela argudiatuta uko egin ziela proposamenei azaldu du, nahiz eta ordurako, Zeberiok botatako amua irentsi zuen: «Eta zergatik ez dugu antologia bat egiten?».
Ibilbide baten isla
Haritik tiraka eta proiektuari bueltaka antologiak zein lan bildu eta zein forma eman zehazten hasi ziren lehenbizi bi musikariak. Artolaren ibilbidea islatzen duten hamalau kanta hautatu ditu antologiarako hondarribiarrak, besteak beste, Fernando Artola Bordari haren aitak idatzitako pare bat, Walt Whitmanen letra duten beste hiru, Joxerra Gartziaren hitzak dituzten beste bi, edota Artolak berak propio idatzitako hainbat ere. Era berean zenbait konpositore proposatu zizkion Zeberiok, orkestrarako eta instrumentuetarako konponketak egin zitzaten.
Ildo horretan, «mosaiko» bat eratzen joan ziren, Artolaren arabera, kantak handik eta hemendik hartuta halako bilduma bat osatuz. Kanten egokitzapena egin ondoren, aldaketak eman direla uste du Artolak, konpositore bakoitzak bere ekarpena eginda «ikuspuntu ezberdinak» hautematen baitira. Horren ondorioz, orkestra kanten «zutabe» bihurtu da, Artolaren iritziz.
Zintzotasunez mintzatu da abeslaria, eta esperientzia «aberasgarria» bezain « polita» izan dela onartu du. Proiektua ez da ohiko antologia baten moduan ekoizten ari, bi atal ezberdin bilduko baititu bere barruan: olerki liburu musikatua, batetik, eta haren ibilbide artistikoaren nondik norakoak jasoko dituen ikus-entzunezkoa, bestetik.
Nortasuna
Estudioan grabatutako kantak CD batean bilduko dituzte proiektuaren bultzatzaileek, baina disko-liburua izango dela zehaztu du Zeberiok. Horretarako, «ehun orrialdetik gorako» liburua prestatzen ari dira non olerkiek presentzia «nabarmena» izango duten. Hortaz, grabatutako diskoa aurkezteko modua liburuaren bitartez izango dela argitu du Artolak, haren ustez, horrek «nortasun propioa» ematen baitio lanari.
«CDak, kaseteak, biniloak… oso azkar desagertzen ari dira», esplikatu du hondarribiarrak: «Liburu elektronikoak agertu zirenean liburuekin ere gauza bera gertatuko zela esan zuten, baina ez dirudi hala denik». Haren ustetan, erabiltzaileek liburuak erosten dituzte oraindik ere, «ziurrenik ez nahiko genukeen adina». Hortaz, bilduma formatu horretan aurkeztea gustuko duela onartu du Artolak. Olerki eta abestiekin batera, haren biografia ere jasoko du lanak, euskaraz, gazteleraz, frantsesez zein ingelesez.
Proiektuari nortasuna emateko bide horretan, ikus-entzunezko bat ere prestatzen ari direla erantsi dute musikariek. Eta hau da antologia osatuko duen bigarren ardatza. Lanean hasi zirenetik Artolaren gaineko dokumental bat egitea «ezinbestekotzat» jo zutela adierazi du tolosarrak, eta beraz, aurreneko entsegutik grabazio lanetan ari direla gaineratu du. Disko-liburuak eta haren ibilbide artistikoa errepasatuko duen ikus-entzunezkoak osatuko dute, beraz, antologia proiektua.
Aurki salgai
Txomin Artolaren bilduma artistikoa Gabonetarako prest edukitzea aurreikusi dute ekoizleek, nahiz eta ikus-entzunezkoarekin zalantzaren bat agertu duen hondarribiarrak. Edozein modutan, proiektu «sendoa» eta «osatua» ekoizten ari direla ziur agertu da Artola. Gainera, elkarrekin lan egiteari balioa eman diote bi musikariek: Zeberiorentzat «indarrean» dago oraindik hondarribiarraren lana; Artolarentzat, «karisma handikoa» eta «musikari ona» da tolosarra. Hilabete eta erdiren bueltan ezagutuko dute zaleek elkarlan emankor horren emaitza.