Ohiko plenoak utzitako ezohiko argazkia (I)
Osoko bilkura telematikoa egin zuen atzo lehen aldiz Hondarribiko Udalbatzak. Hartutako erabakien artean daude, besteak beste: zenbait hobari aplikatzea, euskara lan hizkuntza gisa garatzea, eta Lesbosko errefuxiatuei laguntza ematea.
2020. urteko urriko osoko bilkura egin zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak. Lehen aldiz, modu telematikoan bildu ziren hautetsiak. Plenoa bost orduz luzatu zen, eta udal taldeen arteko desadostasunak medio, ordu erdiko etenaldia agindu behar izan zuen azkenean Txomin Sagarzazu alkateak.
Arratsaldeko 18:00etan ekin zioten udalbatzarrari. EAJren gobernu taldeak iragarri moduan, 2020. urtean bide publikoaren okupazioagatik ez kobratzea, eta familia ugariei zuzendutako hainbat hobari ere onetsi zituzten. Zergak izozteko proposamena ez zen eman azkenean. Zortzigarren puntuan udal langileei soldata %2 igotzea eta udal hautetsien soldata izoztearen alde agertu ziren udal talde guztiak.
Eztabaida
Udalerria Batzordeko aztergaiekin batera piztu zen tentsioa udalbatzan. Maria Serrano zinegotziak aurkeztu zuen bederitzagarren puntua: Magdalenako Kuboaren xehetasun azterketa behin betiko onestea. Aztergaiaren irakurketa eginda, Abotsanitzen udal taldeko Igor Enparan bozeramaileak hartu zuen hitza: “Hirigintza alorrean Hondarribian gertatzen dena ez dugu ulertzen”.
Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) barruan zegoen Magadalenako Kuboaren proiektua. Hortaz, HAPOaren baliogabetzeak esku-hartzea ere kolokan uzten duela iritzi zion udal hautetsiak. Erantsi zuenez, “ez ditugu dokumentuak baina argi geratzen zaiguna da, eraikuntza enpresa eta promotoren menpean ari dela lanean gobernu taldea”.
Serranok erantzun zuenez, HAPOaren aurkako epaia ez da irmoa, eta hirigintza alorrerako “tresna egonkor” batean lanean ari direla gaineratu zuen. Dokumentazioari dagokionez, Hirigintza Batzordean jorratu zutela erantzun zion Enparani. Azkenean, EAJren aldeko botoekin onartu zuen gobernu taldeak proposamena.
Tentsioa
Hurrengo puntuan, hamargarrenean, areagotu zen zinegotzien arteko tentsioa. Eremu bererako Hirigintza Jarduketa Programa (HJP) jaso ez izana salatu zuen Enparanek, eta udal idazkariari galdetu zion ea dokumentazioa ezagutu gabe bozkatzerik ote zegoen. Serranok adierazi zuenez, “Abotsanitzeko ordezkariak argi utzi zuen Udalerria Batzordean HAPOarekin zerikusia duen lizentzietan ez dutela parte hartuko. Ez zuten honen inguruko informaziorik eskatu”.
Udal idazkariaren interbentzioa ezinbestekoa izan zen gaia argitzeko: “Plenora ekartzen diren gaiak bere osotasunean egon behar dute, eta zinegotziak egon ala ez egon batzordean, informazioa eskura izan behar dute”. Berme falta ikusirik…
Bihar argitaratuko du HITZA-k osoko bikuraren bigarren zatia.