Irun Aurrera bonuak 168 establezimendutan truka daitezke
Abenduaren 4ra arte erabil daitezke hiriko tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko deskontu bonuak. Atzo abiatu zuten bigarren kanpaina.
Irun Aurrera bonuen bigarren edizioa abian da. Hilaren 29tik abenduaren 4ra truka daitezke hiriko komertzioetan irundarrek jaso dituzten erosketa bonuak. Udalak jakinarazi du 168 establezimenduk bat egin dutela egitasmoarekin, beraz, bonuak erabiltzeko aukera oso zabala da. 15.000 bonu banatu ditu udalak, 10 euroko balioa dutenak; saltoki horietan 30 eurotik gorako erosketa egiten bada erabil daitezke deskontu txartelak. Hau da: 30 euroko erosketa bat egiten bada, 20 ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek 10eko deskontua aktibatuko delako.
168 establezimenduetatik (lehen edizioan baino 35 gehiago dira) 145 orotariko saltokiak dira, eta beste 23ak ostalaritza sektorekoak. Juncal Eizagirre ordezkariak nabarmendu du bonuen kanpaina tokiko saltokiak laguntzeko iniziatiba dela. Eta datu bat eman du: atzo zen bonuak trukatzeko lehen eguna, eta 96 saltokitan 1.096 txartel erabili zirela zehaztu du. Irun Aurrera bonuekin bat egin duten establezimenduen zerrenda eta non dauden ikusteko, sartu hemen. Hala ere, bertan diren guneek bereizgarriak dituzte jarrita atarietan
Bonuen erabilerarako hainbat baldintza daude:
- Bonuak Irunen erroldatutako 16 urtetik gorakoentzat daude eskuragarri.
- Irundar bakoitzak hamar bonu erabiltzeko eskubidea du, bi gehienez establezimendu bakoitzean.
- Bonua trukatzeko gutxienez 30 euroko erosketa egin behar da; ostalaritzako establezimenduetan 20 eurokoa da gutxieneko gastua.
- Erosketa bat egiteko, ezingo da pertsona baten baino gehiagoren bonua erabili. Erosketa txartel bakoitzak pertsona batekin lotuta egon behar du.
- Alkoholdun edariak soilik dituzten erosketak, kanpainatik kanpo daude.