"Kontrolik gabeko jende pilaketak" antola ez daitezela eskatu du alkateak
Atzoko datarekin zabalduko bandoan ardurarako mezua helarazi die herritarrei Txomin Sagarzazu alkateak, COVID-19a izaten ari den eraginaren harira.
Bandoa plazaratu zuen atzo Hondarribiko Udalak, Txomin Sagarzazu alkatearen izenean. COVID-19aren eraginaren gainean mintzo da udal agirian, eta hainbat eskaera egin dizkie hondarribiarrei. Batetik, Osasun Sailak ostegunean onartutako gomendio eta aginduak bete ditzatela eskatu die herritarrei. Baina enfasi berezia jarri du jende pilaketetan: “Beharrezkoa da herritar guztiei eskaera berezi eta irmoa egitea kontrolik gabeko pilaketak ez antolatu eta ezta horietan parte hartzeko ere”.
Alkateak nabarmendu du gisa horietako pilaketak kasu isolatuak direla, “jakin badakit Hondarribiko biztanle gehienek ez dutela horietan parte hartzen”. Baina agintariak uste du denen ardura dela horiek antola ez daitezen bultzatzea, “halako ekintza eta jokabideekin bat ez egiteko giroa sortzea”. “Gizalegearen aurkako jarrera arduragabe eta insolidarioen aurka borrokatzeko” udalak ahaleginak egingo dituela esan du.
Gipuzkoako koronabirus kasuen gorakadaren aurrean, Hondarribiko egoera ez da hain latza. Baina kezkatzeko arrazoiak badirela uste du Sagarzazuk, “eragina asko handitzen ari da Hondarribian”. Hortaz, jokaera arduratsuak eta osasun agintarien araubideak jarraitzea eskatu du: “Maskarak erabiltzen jarrai dezagun behar bezala jarrita, sudurra eta ahoa estalita; osasun segurtasunerako distantziak manten ditzagun, gutxienez metro eta erdikoak; eta eskuak maiz garbi ditzagun, hidrogelekin edota xaboiarekin”.
Jarraian dagoen estekan klik eginez gero, bandoa osotasunean irakurtzeko aukera (PDF artxiboa da. Elebitan dago).