ITAIA antolakundearen eskualdeko taldea aurkeztuko dute Palmera Monteron
«Emakume langileon problematika panorama politikoan txertatzeko» helburuarekin osatu zuten taldea orain dela bi urte. Ordutik izandako bilakaeraz eta etorkizuneko erronkez ariko dira larunbatean.
Datorren larunbatean (hilak 24) ITAIA Emakume Sozialiston Antolakundearen Bidasoko taldea aurkeztuko dute Palmera Montero Gunean. 17:30ean izango da aurkezpena, eta bidasoar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.
Orain dela bi urte sortu zuten ITAIA, eta ordutik Emakume Sozialiston Sare gisa ezaguna izan da. Haien arabera, «emakume langileon problematika panorama politikoan txertatzeko» helburuarekin ekin zioten ibilbideari 2018an. Ordutik, egunerokoan emakumeek jasandako zapalkuntzak identifikatu eta horiei aurre egiteko proposamenak garatzen ibili dira. Orain ordea, antolakuntza forma hartzeko pausua eman dutela zehaztu dute, Emakume Sozialiston Antolakundea eratuz. «Honela, Euskal Herrian eskualde mailan sortuko diren taldeen bitartez emakume langileon babesa antolatzea bilatzen dugu», erantsi dute ITAIAko kideek.