Etxebizitza sozietate publikoa eratzeko mozioa aurkeztu du PSE-EEk
Hondarribiko etxebizitzen eraikuntza, kudeaketa eta birgaitzeaz arduratuko litzakeen sozietate publikoa sortzeko proposamena mahai gainean jarriko du Iosu Alvarez sozialistak.
Hondarribiko etxebizitzen eraikuntza, kudeaketa eta birgaitzerako sozietate publikoa eratzeko mozioa erregistratu du PSE-EEren udal taldeak, Iosu Alvarez bozeramaileak jakinarazi duenez. Gainera, sozietatea martxan jarri ahal izateko, beharrezko giza baliabide eta egitura ahalbidetu dezan galdegingo dio zinegotziak EAJren udal gobernuari hilaren 29an aurreikusitako osoko bilkuran.
Alvarezek argi utzi nahi izan du “lehen mailako arazoa” dela etxebizitza hondarribiarrentzat, eta bereziki alokairuan jarri du indarra: “Oso zaila da arrazoizko prezioak aurkitzea merkatuan”. Hala, egoera honen biktima zuzenak egin ditu kolektibo zaurgarrienak, besteak beste, guraso bakarreko familiak, banandutako bikoteak, genero indarkeriaren biktimak, eta aniztasun funtzionala duten pertsonak.
Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) baliogabetu izanak egoera are gehiago okertzen duela deitoratu du sozialistak. Babestutako 1.500 etxebizitzatik gora aurreikusten zituen planak.