2020an aurkeztutako programen balorazioa egin du EH Bilduk
Aurkeztutako bederatzi proposamenetatik hiru onartu gabe gelditu direla nabarmendu du koalizioak. 2021. urteko aurrekontuetan jarri dute begirada dagoeneko.
2020. urtea bukarara iristen ari dela eta, aurten aurkeztutako programen balorazioa egin du Hondarribiko EH Bilduren udal taldeak. Denera, bederatzi proposamen egin ditu koalizioak aurten, eta horietatik soilik hiru egin gabe geratu direla nabarmendu dute, “guk erretiratuta edo kontrako botoa jaso zutelako”. Hala, “pozik” egoteko arrazoiak dituztela adierazi dute, “aurkeztutako programa ia guztiak, modu batean edo bestean, aurrera eramatea lortu baitugu”.
Hondarribia Cadaquesekin (Girona, Herrialde Katalanak) senidetzeko proiektua, Roke Mendez eta Jose Luis Mondragonen oroimen harria, eta berdintasun teknikaria kontratatzeko programa izan dira aurrera egin ez dutenak.
Udal alderdiak, hala ere, gogorarazi duenez, Roke Mendez eta Jose Luis Mondragonen programa “bizikidetza batzordean lantzea” onartzeaz gain, “gertatutakoaren inguruan aztertzen jarraitzeko eskaria Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzara bideratzea” aho batez onartu zuen ekainean bildutako udalbatzak.
Onartutakoak
Aurrera egin duten beste sei programetatik, Mariñel itsasontzia kultur ondare izendatzeko proposamena eta Enrike Lekuonaren omenezko ikerketa beka nabarmendu ditu EH Bilduk. Bi horiek Arma Plaza fundazioaren bidez garatzen ari direla adierazi dute. Areago, “bertako patrono ere bagarenez, horien lanketa gertutik jarraitu dugu”.
Jaizkibel-Jaitzubia egitasmoa eta aldaketa klimatikoaren gaineko sentsibilizazio kanpaina, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ardurapean geratu direla gogoratu dute, eta izurria tarteko, “gure partetik nahi baino jarraipen txikiagoa” izan dute. Zentzu horretan, aurten programarekin jarraituko duela ezagutarazi du koalizioak.
Musika eskolaren antolaketa eredua aztertzeko proposamenari dagokionez, “pandemiak eta kontsentsu ezak” aterabidea adosteko denborarekin bukatu dutela deitoratu du EH Bilduk. Irakasle, alderdi eta hainbat herrietako profesionalekin garatutako bileretatik ikasitakoaren ondoren, aurki proposamena mahai gainean jarriko dutela berriz ere erantsi dute.
Azkenik, izurria tarteko, aurten ez dela Emakumea eta Itsasoa ikerketa bekarako deialdirik egin ere bukatu dute.