Tasak eta zergak ez igotzea proposatuko du gobernu taldeak
Bihar bilduko den Ogasun Batzordean aurkeztuko du lehenbizi proposamena; onartuz gero, hilaren 29ko udalbatzarrera eramango dute.
2021. urtean tasak eta zergak izozteko proposamena aurkeztuko du biharko Ogasun Batzordean EAJren gobernu taldeak. Horrez gain, 2020. urtean bide publikoaren okupazioagatik %100eko hobaria, eta familia ugariei bideratutako hainbat onura ere planteatuko ditu udal gobernuak. Batzordeak proposamena onartuz gero, hilaren 29ko osoko bilkurara eramango dute jeltzaleek proposamen sorta.
Horien gaineko xehetasunak azaldu dituzte gaur goizean prentsaurrean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak. Zortzigarren urtez jarraian zergak eta tasak ez igotzea proposatuko du EAJren udal taldeak bihar, eta aurtengoan “arrazoiak begi-bistakoak” direla iritzi dio Sagarzazuk: “Udalak halako pausuak eman behar dituela argi daukagu gure inguruan bizi dugun egoeran laguntzeko”.
Zentzu horretan, 2020. urtean bide publikoa okupatzeagatik ostalariek eta merkatariek bereziki ordaindu beharreko tasa ez aplikatzea ere mahai gainean jarriko du tokiko gobernuak. Terrazei, erakusleihoei, eta bide publikoan kokatutako bestelako elementuei dagokien tasa da.
Horiez gain, familia ugarien Hirukide elkartearen eskariak aztertu ondoren, haiei zuzendutako hainbat hobari ere proposatuko ditu udalak. Altunak zehaztu duenez, Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) eta trakzio mekanikoko ibilgailuei aplikatutakoa izango dira, besteak beste, hobaria izango dutenak. Hondarribian 295 familia ugari daudela zehaztu du hautetsiak.
Arau aldaketa
Prentsaurrekoan parte hartu duten bi agintariek argitu nahi izan dute zenbait hobari eta zerga ez kobratzea Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020. urteari begira burututako arau aldaketaren emaitza zuzena dela. “2021erako ikusiko dugu nola jokatzen duen udalak”, erantsi du Sagarzazuk.
Hala, zerga bilketaren eta diru funtsaren beherakada aurreikusirik, udal altxortegia eta aurrezkia erabili ahal izateko itxaropena agertu dute bi jeltzaleek. “Hala izango dela dirudi”, adierazi du Sagarzazuk, nahiz eta Altunak zehaztu duenez, “gastu mugaren araberakoa” izango da aurrezkitik udal jarduerara bideratutakoa. Sagarzazuk gaineratu duenez, “zaila da esplikatzea herritarrei udalak dirua duela, baina ezin duela erabili beste arau eta legeekin talka egiten duelako”,