Novaltiako langileak Mendeluko farmaziaren aurrean elkarretaratu dira
Hitzarmen "duina" aldarrikatu dute beste behin langileek, eta negoziazioa erabat etenda dagoela salatu dute.
Mendelu auzoan kokatutako Almajano farmaziaren aurrealdean protesta egin dute gaur goizean Novaltiako langileek. Novaltia esplotatzailea. Farmaziak kolaboratzaileak lemapean, hitzarmen “duina” aldarrikatzeaz gain, enpresak negoziazioei uko egin izana ere salatu dute. Areago, grebalariak aldi baterako lan enpresek bidalitako langileen bitartez ordezten ari direla erantsi dute.
Iazko uztailean hasi zuten greba Novaltiako langileek. Ibai Karranza langile batzordeko kideak azaldutakoaren arabera, azken negoziaketan enpresak proposatutakoa, aurretik eskainitakoa baino “are gutxiago” zen. Enpresak langile batzordeari helarazitakoaren arabera, “gaizki portatzen ari ginela argudiatuta egin zuten proposamen hura”. Karranzak dioenez, ordea, lantegira lanera sartzen zirenei eskuorriak botatzea izan da egin duten bakarra.
Langileek ez zuten proposamena onartu, eta euren eskariak berriz ere mahai gainean jarri zituzten. Azkenean, baina, negoziazio mahaia desegin zen, eta ordutik, erabat “blokeatuta” dagoela negoziazioa deitoratu du Karranzak.
Hitzarmena
Langile batzordeak enpresari helarazitako eskakizunen artean, besteak beste, bi nabarmendu ditu Karranzak: bata, behargin guztiek %35eko soldata osagarria jasotzea, “langile berriei ez baitzaie ordaintzen”; eta bestea, krisi ekonomikoan soldatek jasandako %30eko murrizketa bertan behera uztea.
Farmaziak dira Novaltia kooperatibako akziodun nagusiak. Bozeramaileak esan duenez, “hemen inguruko hainbat farmaziekin lanean hasi da orain gutxi”. Hortaz, protestak han-hemenka egiten dituzte, Bizkaian bereziki, baina Araban eta Gipuzkoan ere bai, “farmaziak baitira kooperatibaren jabeak”.