Irun Aurrera bonuen bigarren kanpaina abiatuko du udalak
Aurten bigarrenez 10 euroko 15.000 bonu banatuko dituzte herritarren artean, hiriko denda eta tabernetan kontsumitzeko.
Irun Aurrera bonuek jasotako harrera ona dela eta, Irungo Udalak bigarren kanpaina bat abiatzea erabaki berri du. Hiriko merkatari eta ostalariei laguntzeko bonu gehiago banatuko dituzte herritarren artean. Zehazki, erosketak egiteko 10 euroko 10 bonu erabilgarri izango ditu irundar bakoitzak. Orotara, 150.000 euroko inbertsioa egingo dutela zehaztu dute gaur udaletxean eskainitako agerraldian, beraz, 15.000 bonu banatuko dituzte.
Bonuak eskuratzeko, hiriko denda eta tabernek izena eman beharko dute, hilaren 26ra bitarte (astelehena da), esteka honetan. Erosleek aldiz, NAN agiria erakutsi beharko dute erosketa bakoitzean. Gaurkoan azaldu dutenez, egitasmoarekin bat egiten duten denda eta taberna guztiek kartel berezi bat izango dute ikusgai.
Bonuak erabili ahal izateko aldiz, 16 urtetik gorako herritarrak izatea eta Irunen erroldatua egotea beharrezkoa izango da. Gainera, gutxienez 30 euroko erosketatan soilik erabili ahal izango dira bonuak dendetan; tabernetan aldiz, 20 eurotik gorako kontsumizioetan. Halere, udaleko ordezkariek zehaztu dute laguntza honetatik kanpo geratuko direla edari alkoholikoak. Bonuak, hilaren 29tik abenduaren 4ra erabili ahal izango dira.